Euskadi Ta Askatasuna (ETA) erakundearen ekimen armatuak 829 hildako utzi ditu iraun duen ia 42 urteetan (1968ko ekainaren 7tik 2010eko martxoaren 16 arte). Urtero ETAk ia 20 pertsona hil dituela hotzikara sor liezaioke datu hauek kontestutik kanpo eta zenbaki hutsak bailiran ulertuko lituzkeen edonori. Ekintza armatu horiek utzitako biktimak are gehiago dira zauritutako jendea ere badagoelako tartean, eta biktimak lirateke, era berean, hildako horien guztien senitarteko guztiak. Biktimak dira ere bai espainiar diktadura amaitu eta aurreneko hamabi urteetan zehar estatu terrorismoak bere sigla anitzen itzalpean utzitako hildako eta zauritu guztiak, Alianza Apostólica Anticomunista (AAA edo “Triple A”), Antiterrorismo ETA (ATE), Grupos Armados Españoles (GAE), Guerrilleros de Cristo Rey, Batallón Vasco Español (BVE), Comandos Antimarxistas, Grupos Antiterroristas de Liberación (GAL), erakunde hauen guztien bidez, baita ondorengo hamarkadetan polizia komisaldegi desberdinetako funtzionarioen eskutan zauritutako edota heriotzaraino torturatuta izan diren atxilotuak ere, bereziki Guardia Zibilaren egoitzetan, nazioartean behin eta berriz salatuak izan direnak espainiar estatuak ez ikusiarena egiten jarraitzen duen arren. Baina era berean biktimatzat jotzen dut nik preso dagoen senitartekoari minutu batzuk besterik iraungo ez duen bisita egin ahal izateko bi mila kilometroko distantzia bidaiatu behar duen eta bidean heriotza topatuko ote duenaren zorian pentsatzeko nekerik geratzen ez zaion pertsona hori ere. Guztiak biktimak dira.
Biktimistak ere egon badaude, ETAk utzitako hildako kopuru mardul horretan lokaztu eta aurrera egiten ez dutenak, bakearen alde lanean hasteari uko eginez. Biktimistak zeintzuri sigla politiko batzuen menpe egoteagatik, ezinezkoa suertatzen zaien estatu terrorismorik egon badagoela onartzea. Biktimistak dira estatu terrorismorik izan dela onartzea oraindik ere lan handia kostatzen zaiena, eta egotez, ETAren terrorismoak utzitako hildakoen ehuneko hamarrera ere iristen ez direla beste hauek utzitakoak esango dutenak. Biktimistak dira zenbaki hauetan kokatzen dutenak beuden arrazonamendua, sekula eskatu ez zaienean pixkatxo bat atzera egin eta aztertzeko Francoren diktaduran zehar eman zen estatu terrorismoak utzitako 143.353 biktima errugabeen kopurua, Baltasar Garzón epaileak 2008an egindako zenbaketa honen ondoan ETAren 829 hildakoak % 0,58a besterik ez direnean. Zifrak politikoki erabiltzen dituzten hauek, zenbaki batzuekin begiak itxi eta beste batzuekin krokodilo malkoak isuriz, hauek ere biktimista hutsak dira.
Biktimistak ginateke medioen manipulazioaren bidez gatazkaren albo bakoitzeko biktima bi elkarrenganako errespetu hori azaldu eta norberaren zorigaitza eta tristura partekatzen aurrera ekiteko bidea jorratzeko gai ez direla sinistarazten diguten gezurra irentsiko bagenu. Baina zenbait biktimei esker, zeintzuk biktimisten politikarekin bat ez datozen eta bakerako eta elkar bizitzarako bidea jorratzeko modu bakarra elkarrizketa dela sinisten dutenak, ematen hasiak dira urratsak bakoitzaren sufrimendu hori gizarteratzen, beuden tripetatik gure belarrietara pasatzen, beste ezertarako ez balitz ere, sikiera hamarkadetan zehar eduki duten zama hori arintzen. Nahiz eta jakin badakigun hori baino askoz ere lan handiagoa egiten hasi direla eta hori izango dela bakerako benetako bidea edozein sigla politikoren gainetik. Gerora ere lan handia egongo da, kartzeletan dauden preso politiko eta herbestean dauden iheslarien gaia tartean. Baina ez gaitezen biktimistak izan eta txalotu ditzagun biktima hauek egiten ari dituzten topaketak. Historia egiten ari dira Josean-Magila Fernandez Hernando, kartzelan hogei urte baino gehiago eman duen ETAko preso ohia, Rosa Rodero, duela hogei urte ETAk erahildako Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna, eta Axun Lasa, Guardia Zibilaren torturen biktima, GAL erakundeak bahitu, torturatu, erahil eta Joxi Zabalarekin batera kare bizian lurperatu zuen Joxean Lasaren arreba. Nire agurrik eta txalorik beroenak hiru biktima hauentzako, biktimista gutxi batzuren gainetik zabaltzen ari diren bide eraikitzailearengatik.