#eatrealfood

Elikagai freskoak eta prozesatuak ondo bereizi behar dira ultra-prozesatuetatik. Ez zaitzala engainatu produktuak duen itxurak edota esloganak. Batetik duen bilgarriak, material ekologikoak erabiltzeak ez du esan nahi nutrizionalki osasungarria denik; eta bestetik erabilitako mezuek: naturala, etxekoa, bio… ez dutela ziurtatzen, ez nutrizio-kalitaterik, ezta gutxi prozesatuta egoteak ere. Beraz, eguneroko elikadura jaki freskoetan oinarritu eta gutxi prozesatutako jakiekin osa ezazu. Hau da, benetako elikagaiak (real food-ak) erabilita. 
Jarraian, banan-banan bereiziko ditugu. 
Freskoak. Inolako manipulaziorik jasotzen ez dutenak oso gutxi dira. Esaterako, fruta eta barazkiak hozten dira, lekaleak lehortzen dira, esnea pasteurizatzen da eta olibak zapaltzen dira olioa lortzeko. Baina, horiek guztiek, freskotzat hartzen ditugu. Manipulatzen dira arriskuak saihesteko (pasteurizazioa), baliagarritasun-bizitza handitzeko (izozte), kontserbazioa hobetzeko (lehortuta) edota jangarria egiteko (egosita). Adibidez, janariak kozinatzean elikagaiek prozesu kimikoak jasaten dituzte elikagarriak bultzatuz edo galduz. Beraz, elikadura freskoa gomendatzeak, ez du esan nahi beti gordin kontsumitu behar ditugunik. Elikagarriagoak dira fruitu lehor txigortuak (ez frijituak), egosketa aurretik uretan utzitako egoskariak, eta egositako ziazerbak; substantzia anti-elikagarriak galtzen dituztelako (baina beste artikulu baterako utziko dut). 
Prozesatuak. Eraldatutako jana da, baina bere hasierako bertsioaren antzera kontsumitzen denean edo oinarrizko osagaiez sortutako produktua da. Galdera da, zer prozesatze-mota? Nutrizio-aldaketarik sortzen al du? Beraz, esango genuke prozesatutako produktu osasuntsuak eta kaltegarriak direnak daudela. Hartzitutakoak adibidetzat hartuta, aukera ona dira jogurt naturala, kefir eta ore-masa ogi integrala; eta aukera txarra dira ardoa eta garagardoa.
Eta futbol-zaletasunekin gertatzen den bezala, ultrak ditugu. Gauza bat da jarraitzaile amorratua izatea, eta beste kontu bat da zehar-kalteak sortzea hura izateagatik. Elikagaiekin bera gertatzen da. Ultra-prozesatuak funtsean lehengai osasungarriak izan dezake, baina ultra-prozesaketak zaborra bihurtzen du. Elikagarriak (zuntza, bitaminak) kentzen dira; eta gehitu gatza, kaloria hutsak (azukrea, trans koipeak) eta zapore-indartzaileak (glutamato monosodikoa), besteak beste. Azken finean, bere nutrizio-balioa txikiagotzen da. Zerealak adibide hartuta, ditugu arto-jarabeak (azukrea), irin-finduak (almidoia, maicena) eta beren eratorriak (gaileta, moldezko ogia, krispiak). Hain zuzen ere, egunerokoak dira eta ez dira osasungarriak. Zerrenda oso luzea da: zapore-jogurta gaingabetua, izozkia, marmelada, ketchup, surimia, hestebeteak, margarina, txip patata, stevia, freskagarria…
Produktua osasungarria dela uste arren, ikuskatu beti etiketa. Swahiliz idatzita dagoela iruditzen bazaizu, hobeto apalean utz ezazu. Eta adi hitzen erabilerari: pasta freskoa, ultra-prozesatuta izan daiteke (irin hidrolizatuez osatuta); eta aldiz, ultraizoztutako barazkiak mantenugai guztiak gordetzen ditu. Elikagai erreal kontzeptuaren jatorria ona da, baina erabilera gehiegikeriak desitxuratu du. Zentzu jokatu, besterik ez.

Nerea Segura

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.