Harreman sexualak izateko gurekin den pertsona hori maite behar al dugu? Zein puntutaraino da egia “bakarrik sexua da” esaldia? Galdera horiek erantzun nahian, Brenda Ruano sexologoak bere Master-Amaierako Lanean harreman ‘serioetatik’ kanpo izaten diren harreman sexualak aztertu ditu, hots, bikotekide erromantikorik gabe mantentzen diren horiek. Konpromisorik gabeko sexu-harremanetan bikotekideen arteko lotura edo harremana ez da oso sendoa izaten. Kaleko hizkuntzan, larru-lagun terminoa erabiltzen ohi da, hots, bakarrik sexurako kide bat.
Ruanok egin duen azterlanaren arabera, gazteen % 87k horrelako harremanak izan ditu noizbait. Horietatik, gehienek (% 77k) harreman horiek plazer fisikoa lortzeko mantendu zituztela azaldu zuten. Jasotako beste zenbait erantzun bitxiak dira: “mundu guztiak egiten duelako”, “presio sozialarengatik” edo “plazer emozionalarengatik”.
Brenda Ruano sexologoak egin duen ikerketaren arabera, gizonek noizbehinkako sexu-harremanetarako interes handiagoa azaltzen dute emakumeek baino
Horrelako harremanek harreman serioak hasteko moduak aldatzen ari direla azaltzen dute. Izan ere, aurreko belaunaldietan sexu-harremanak izateko aurretik harreman serio bat izan behar zen. Orain, berriz, sexu-gau bat harreman serio baterako lehen urratsa izan daiteke.
Ruanoren ustez, gazteek, nagusiki, mutilek, sexu-harremanak izan nahi dituzte baina harreman serio batek dituen kostu emozionalei aurre egin gabe. Aipatu azterlanaren arabera, horrelako harremanak dituzten gazteek plazer handia lortzen dute eta, gainera, plazer edo asebetetze-maila harreman mota horiekiko den interesaren araberakoa izaten da, hau da, zenbat eta gehiago bilatu orduan eta plazer gehiago.