Pasa den ekainaren 28an LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Eguna zela eta Gazteen Euskal Behatokiak urtearen lehen hiruhilekoan burututako azterlan baten emaitzak ezagutzera eman zituen. Bertan, EAEko 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gazteei aukera sexualen inguruan galdetu zaie. Antzeko azterlana duela lau urte burutu zen eta bi ikerketa horietan lortutako emaitzen artean alde nabariak azaltzen dira.
Adibidez, bizitzan zehar aukera sexuala aldatu ahal izateari buruz galdetzean, euskal gazteriaren % 83k aukera hori ontzat eman du, hots, gizonekin edo emakumeekin harreman sexualak izatea posible dela uste du. Duela lau urte egindako ikerketan, berriz, aukera horrekin ados zeuden gazteak % 65 ziren, hau da, 18 puntu gutxiago. Aukera horren kontra azaltzen diren gazteen ehunekoa ere erdira murriztu da, % 18 eta % 9, hurrenez hurren.
Azterlan horretan sexu bereko pertsonen arteko ezkontzei buruz ere galdetu zaie gazteei. Kasu horretan, aldaketa ez da oso nabaria izan eta kasu bietan gazteen gehiengo zabal bat ezkontza horien alde azaldu da (% 90 inguru).
[pullquote]EAEko gazteek gero eta jarrera irekiagoa azaltzen omen dute sexu aukera desberdinen aurrean. Emakumezkoen kasuan, gainera, jarrera ireki hori nabarmenagoa da.[/pullquote]
Antzeko datuak lortu dira sexu aldaketaren inguruan galdetzerakoan; ez da aldaketa handirik eman azken lau urteetan eta gazte gehienak ados azaltzen dira (% 80-85 inguru).
Ikerketak, gainera, aipatu hiru ideia nagusi horiek neska eta mutilen artean berdin ikusten ote diren aztertu du. Oro har, emakumeek identitate sexualari buruz jarrera irekiagoa dutela ondoriozta daiteke. Adibidez, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen inguruan ados azaltzen diren emakumezkoen ehunekoa % 92 den bitartean, gizonezkoen artean 3 puntu baxuagoa da. Sexu aldaketaren inguruan ere 3 puntuko aldea dago emakume eta gizonezkoen artean (% 88 eta % 85, hurrenez hurren). Azkenik, bizitzan zehar sexu aukera aldatzearekin ados azaltzen diren emakumezkoak % 86 izango lirateke eta gizonezkoen kasuan, aldiz, % 79, hots, zazpi puntu gutxiago.