Azken urteetan Iruñako San Fermin jaietan jazo diren gertaeren aurrean, gure artean den sexu-hezkuntzaren inguruko hausnarketa txiki bat egin nahiko nuke ondorengo lerroetan. Sarritan, ikastetxe eta institutuetan irakasten den sexu-hezkuntzari ez zaio behar bezalako garrantzia ematen eta, horregatik, hezkuntza horretan irakasten diren edukiak eta baita horiek zein modutan irakasten diren ere aztertzea garrantzitsua dela uste dut.
Sexu-hezkuntza oso gutxi garatu da; ez behintzat gure gizartea garatu den abiadura berean. Kasu gehienetan, sexu-hezkuntza sexualitatearen izaera biologikora mugatu da eta berdintasuna, tratu ona edota errespetuan oinarritutako harremanak bezalako alderdiak ez dira sakontasunean jorratu. San Ferminetan izandako eraso eta bortxaketek hutsune horiek uzten dituzte agerian eta hezkuntza sexu seguruaren gainean irakastea baino zerbait gehiago dela berresten dute (nahiz eta hori ere oso garrantzitsua izan).
Sarritan, sexualitatearen alderdi negatiboak azpimarratzen dira, beldurra eraginez (-kontuz, haurdun gera zaitezke eta-) alderdi positiboak nabarmendu beharrean.
Gaur egun, gazteek helduek uste dutena baino gehiago dakite sexuaren inguruan. Baina, kontraesana dirudien arren, berdintasuna, bikotekidearekin negoziatu, bikotekideari askatasuna eman norbanako gisa gara dadin, eta abarreko gaietan zailtasun handiagoak dituzte. Internetek informazio ugari ematen du baina horretan ere kontraesan eta hutsune ugari daude. Horregatik, funtsezkoa da eskolan ere gai horiek behar bezala lantzea. Sexu-hezkuntza egoki batek gai horren inguruan ditugun kezka, zalantza eta beldur guztiekin amaitzeko balio dezake eta baita indarkeria matxista edota sexu-transmisiozko gaixotasun kasuak murrizteko ere.