Gazteen emantzipazioa jada eskubide bat da Euskadin

Gazteriaren Lege berriari esker euskal administrazioak etxe duin baterako sarbidea errazten duen politika aktibo bat garatu beharko du.

Hainbat saiakerak huts egin ondoren, Euskadik jada badu Gazteriaren Lege bat. Arau berriak, EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos alderdien babesa izan du eta bi ardatz nagusi izango ditu: emantzipatzeko adina jaitsi eta etxebizitzarako eta enplegurako sarbide erraztu. Gazteen Euskal Behatokiaren datuen arabera, duela zenbait urtetik hona, euskal gazteek ez dute 30 urte bete baino lehen beren gurasoen etxea uztea lortzen.

Iturri berak emandako datuen arabera, 18 eta 34 urte bitarteko gazteen % 38,5 bakarrik dago emantzipatuta. Edozein kasutan, adinaren arabera alde handiak daude. Horrela, 25 urtetik beherako gazteen % 7,4 bakarrik emantzipatuta dago. Adinean gora egin ahala kopuru horrek ere gora egiten du: 25 eta 29 urte bitartekoen artean % 42,5 eta 30 eta 34 urte bitartekoen artean % 73,2. Nolanahi ere, 35 urterekin, lau gaztetatik batek gurasoekin bizitzen jarraitzen du.

Datu horiekin, Euskadi Europan den batez bestekoaren atzetik dago (% 51,8). Europako iparraldean diren herrialdeekin alderatuta, aldea are handiagoa da. Danimarkan, Suedian eta Finlandian gazteen hiru laurden emantzipatuta bizi dira.

Emantzipazio berantiarraren arrazoi nagusietako bat, nagusiena ez bada, etxebizitza librea jabetzan eskuratzeko kostu altuegia da. 2020. urteko datuen arabera, gazte batek independizatu nahiko balu, merkatu libreko etxebizitza baten lehen hilekoa ordaintzeko bere soldataren % 58,7 jarri beharko luke. Etxebizitza librea alokairuan hartu nahi izanez gero, alokairuaren lehen hilekoa ordaintzeko, batez beste, soldataren % 54,7 jarri beharko luke.

Emantzipaziorako batez besteko adina

Gazteriaren Lege berriak emantzipaziorako batez besteko adina jaitsi nahi du gazteek beren bizitza proiektua gara dezaten. Legeak eragina du gazteen sozializazio-prozesuetan, aukera-berdintasunaren ikuspegitik, haien egoera, sexua, jatorria edo beste edozein baldintza edozein izanda ere. Era berean, gazteek garatzeko, ikasteko eta sozialki parte-hartzeko dituzten baliabideak hobetu nahi ditu.

Lege berriak zenbait eskubide eta prestazio aitortzen ditu, hala nola, emantzipaziorako eskubidea. Legeak ezartzen duenez, bere jarduera eremua 12 eta 30 urte bitarteko biztanleen artean kokatzen da eta adin tarte horretako gazteek beren bizitza proiektua garatzeko aurkitzen dituzten zailtasunei erantzun integrala ematen saiatzen da.

Lege berriak ikuspegi gaztea barneratzen du euskal administrazio guztien politika eta ekintza guztietan. Horien ardura izango da gazteen lan merkaturatzea eta kalitatezko enplegua sustatzea helburu duten berariazko programak eta jarduera zehatzak sustatzea.

Etxebizitza duina

Testuak azpimarratzen du euskal administrazioak politika aktiboa garatuko duela, gazteek etxebizitza duina izateko aukera izan dezaten, merkatuan eskaintzen direnak baino baldintza hobeak eskainiz.

Horrela, lege berriak jasotzen dituen eskubideen artean etxebizitza edo bizileku duin bat izateko eskubidea jasotzen da, eta, hala badagokio, eskuragarria, alokairuko eskaintza publikoaren, prestazio ekonomikoen edo euskal administrazio publikoen beste neurri batzuen bidez. Zuzkidura-bizitokiak eta etxebizitza komunitarioak bezalako irtenbideak aipatzen dira.

Era berean, Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea sortuko da emantzipazio prozesua errazteko.

Legeak jasotzen duenez, administrazioek lan egingo dute emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gizarte berdintasunezkoagoa eraikitzeko prozesuan gazteak aldaketa-eragile izan daitezen. Administrazioak bi hizkuntza ofizialen ikaskuntza eta erabilera bermatu beharko du eta baita beste hizkuntzena ere hezkuntza eleanitza lortzeko.

Baloreetan oinarritutako hezkuntza eta ohitura osasungarriak

Arreta berezia eskainiko zaio baloreetan oinarritutako hezkuntzari, hala nola, bakea eta gatazken konponketa baketsua, giza eskubideen errespetua, elkartasuna, ardura, aukera berdintasuna, hezkidetza, bizi-ohitura osasungarriak, jarrera xenofobo eta arrazisten prebentzioa edo arraza, sexu edo sexu-orientazioagatik eman daitekeen edozein diskriminazio.

Legeak jasotzen duenez, administrazioek osasuna eta bizi-ohitura osasungarriak sustatuko dute gazteen artean. Testuan jasotzen denez, arreta berezia eskainiko zaie honako alderdi hauei: osasun mentala eta emozionala, droga-mendekotasuna eta bestelako mendekotasunen prebentzioa eta tratamendua, elikadura nahasmenduak, sexu-transmisiozko gaixotasunak eta nahi gabeko haurdunaldiak eta auto istripuen prebentzioa.