Gazteek oso zaila dute emantzipatzea

Soldaten beherakadak eta etxebizitzaren prezioaren igoerak ia ezinezko egiten dute euskal eta nafar gazteak independizatzea

35 urtetik beherako euskal gazteentzat gero eta zailagoa da emantzipatzea. Etxebizitza libreak edo alokairuzkoak ez daude haien esku. Izan ere, 35 urtetik beherako euskal gazte batek bere soldataren erdia baino gehiago beharko luke etxebizitza baten hipoteka edo alokairu bat ordaintzeko. Hori da, hain zuzen ere, Gazteriaren Euskal Behatokiak egin duen “Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin” txostenak utzi duen ondorio nagusia.

Gazte batek independizatu nahiko balu, merkatu libreko etxebizitza baten lehen hilekoa ordaintzeko bere soldataren % 58,7 jarri beharko luke. Alokairua ordaintzeko, berriz, soldataren % 54,7. Ehuneko horiek % 30ean den gomendatutako gehienezko zorpetze-muga baino dezente altuagoak dira.

Azken bost urteetan emantzipatzeko aukera gaizkiagotu da. Izan ere, etxebizitzaren prezioek gora egin duten bitartean, soldatek behera egin dute. Euskal Autonomia Erkidegoan, 2020ko datuen arabera, 18 eta 34 urte bitarteko gazteen batez besteko soldata 1.297 eurokoa izan zen, 2016an baino 50 euro gutxiago (1.347). Bitartean, merkatu libreko zein babestuko etxebizitzen metro koadroaren batez besteko prezioak gora egin du. 2.247 euro ziren 2016. urtean eta 2.496 euro 2020. urtean; hots, 249 euro gehiago.

Gazteak izan dira pandemiak eragin duen krisi sozioekonomikoak gehien kaltetu duen gizataldeetako bat. Lan-esparrua aztertzen bada, lan-merkatuko geldialdiaren eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteen (ERTE) estaldurarik handieneko aldian, hots, 2020ko martxotik ekainera bitartean, gazteak izan ziren langabeziaren bat-bateko hazkundeak gehien kaltetu zituenak. Gainera, bere enplegua mantentzea lortu zuten gazteen kasuan, beren soldatek behera egin zuten % 2,8an.

Horri lotuta, merkatu libreko etxebizitzaren prezioak, salerosketen kasuan, urteko % 5,7ko igoera izan zuen Euskadin. Alokairuen kasuan igoera % 3,4koa izan zen. Bilakaera horrek gazteek emantzipatzeko zuten joera negatiboa bizkortu du, baita urtearen bigarren erdian enplegua sortzen hasi zenean ere. Gauzak horrela, Euskadiko 18 eta 34 urte bitarteko gazteen emantzipazio-tasa 2020. urtean % 35,1ekoa izan zen; 2019. urtean baino 3,4 puntu gutxiago.

Erostea ia ezinezkoa da

Txostenean agerian uzten denez, azken bost urteetan, gazteek hipoteka ordaintzeko jarri behar duten soldataren portzentajea  bost puntutik gora hazi da. Horrela, 2016. urtean etxebizitza baten erosketarako soldataren % 53,6 jarri behar zuten bitartean, 2020. urtean kopuru hori % 58,7raino igo zen. Urte bakar batean, ia 3 puntuko igoera eman da, 2019ko datua % 55,8koa izan baitzen. 

Kopuru horiek ez dute aintzat hartzen etxebizitza baten erosketak eskatzen dituen bestelako gastu gehigarriak, hala nola, gazte askori etxebizitza erosteko aukerarik gabe uzten dien sarreraren zenbatekoa ordaintzeko aldez aurreko aurrezkia.

Soldata baxuagoak edo lan-merkatuan presentzia eskasagoa duten horiek dira etxebizitza libre bat eskuratzeko zailtasun handiagoak dituztenak. Emakume gazteen kasuan, kostua soldata gordinaren % 63ra arte igoko litzateke eta 18 eta 24 urteko gazteen kasuan, berriz, % 81,9raino.

Adinak eta batez besteko soldatak gora egin ahala, jabetzako etxebizitza libre bat eskuratzeko kostuak behera egiten du, baina, hala ere, % 50etik gora jarraitzen du. 

Etxebizitza libreak

Gazteek etxebizitza libre bat erosketa bidez eskuratzeari dagokionez dituzten lurralde-desberdintasunak ere nabarmenak dira. Gipuzkoan, non etxebizitza libreen batez besteko prezioa Euskadiko batez bestekoa baino altuagoa den, gazteek bere soldataren % 66,9 jarri beharko lukete hipoteka-kuota ordaindu ahal izateko. Araban, berriz, etxebizitza libreen batez besteko prezioa Euskadiko batez bestekoa baino baxuagoa da eta bertako gazteek soldataren % 48,6 jarri beharko lukete. Bizkaian, gazte batek bere soldataren % 55,4 jarri beharko luke hipoteka-kuota ordaindu ahal izateko.

2020an gazte batek finantza zezakeen gehieneko prezioa, gehiegi zorpetu gabe eta behar diren aurretiko berme guztiak dituela (aurretiko aurrezkiak, diru-sarreren egonkortasuna…) oinarri hartuta, 114.254 eurokoa izan zen. Kopuru hori 2018an eta 2019an erregistratutakoen antzekoa da.

Txostenean azpimarratzen denez, 18 eta 24 urte bitarteko gazte soldatadun batek, gehienez, 81.804 euroko etxebizitza bat ordaindu ahal izango luke. 30 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadunen kasuan, gazte batek, bere kabuz, 128.506 euroko etxebizitza bat ordaindu ahal izango luke.

Gazteriaren Euskal Behatokiak jakinarazten duenez, etxebizitza librearen salneurriaren eta gazte batek bakarka etxebizitza erosteko gehieneko salneurri onargarriaren arteko aldea gero eta handiagoa da. Gipuzkoan, adibidez, aldea 141.506 eurokoa da, Bizkaian erregistratutakoa baino askoz handiagoa (97.303 euro) eta Arabakoa baino askoz handiagoa  (69.751 euro). 

Etxebizitza bat erosteko behar den soldata

2020an, eta hipoteka maileguaren lehen kuota ordaintzeko gomendagarria den soldata garbiaren % 30 bideratuko balu, soldatapeko gazte baten soldata % 95,5 handiagoa izan beharko litzateke merkatu libreko etxebizitza, egungo prezioan, bere kabuz erosi ahal izateko. Hau da, gazteek egungo soldata bikoiztu egin beharko lukete etxebizitza bat ordaindu ahal izateko baldintza egokietan. Batez beste soldata altuagoak dituzten 30 eta 34 urte bitarteko gazteen kasuan, beren soldatek % 73,8 altuagoak izan beharko lukete. Eta soldata baxuagoak dituzten 18 eta 24 urteko gazteen kasuan, berriz, beren soldatek % 173,1 altuagoak izan beharko lukete.

Emakumeen artean (gizonek baino batez besteko soldata txikiagoak izan ohi dituzte) eta Gipuzkoan (gainerako lurraldeetan baino etxebizitza garestiagoak dituzte, batez beste), beharrezko igoerak % 100etik gorakoak dira, hots, soldatak bikoiztu beharko lituzkete. Kopuru horiek ikusita errazagoa da ulertzea zergatik den hain txikia bakarrik emantzipatzen diren gazteen kopurua.

Txostenak jasotzen duenez, gazte batek gehienez bere soldataren % 30 bideratuko balu hipotekaren lehen kuota ordaintzera, bakarrik 45,8 metro koadroko etxebizitza bat eskuratu ahal izango luke eta Euskadin tamaina horretako oso etxebizitza gutxi daude merkatu librean. Kasu horretan ere alde esanguratsuak daude lurralde historikoen artean. Horrela, Arabako gazte batek, aipatu baldintzetan, 64,6 metro koadroko etxebizitza bat erosi ahal izango luke, bizkaitar gazte batek 47,8 metro koadroko bat eta Gipuzkoako gazte batek 38,6 mero koadroko bat. Kontuan izan behar dugu EAEn merkatu libreko etxebizitzen batez besteko azalera eraikia 93,4 metro koadrokoa dela.

Alokatzea, ia erostea bezain garestia

2020an, gazte soldatadun batek bere hileko soldata garbiaren % 54,7 bideratu beharko luke alokairu-errenta ordaintzera. Alokairuaren kasuan, lurralde historikoen artean diren aldeak ez dira erosketan bezain nabarmenak. Hala ere, balioak gainzorpetzearen mugaren gainetik daude, baita soldata altuagoak dituzten 30 eta 34 urte bitarteko gazteen artean ere. Alokairuak garestiagoak dira Gipuzkoan beste bi lurralde historikoetan baino.

Gainera, gazte batek etxebizitza bat bere kabuz alokatzeko egin behar duen ahalegin ekonomikoa handitu egin da azken urteetan; 2016an soldata garbiaren % 47,0 izatetik 2020an % 54,7 izatera pasatu baita.

Soldatek behera egin dutenez,  etxebizitza librea alokatzeko gehieneko errenta onargarria ere  jaitsi eginzen 2020an eta 389 eurotan ezarri zen. Etxebizitza librea alokatzeko gehieneko errenta onargarria gazte batek, bere soldataren % 30 baino gehiago erabili gabe, hilean ordaindu ahal izango lukeen kopurua da. Adinean gora egin ahala, soldatek gora egiten dute, eta horri esker, baita gehieneko errenta onargarriak ere. Horrela, 30 eta 34 urte bitarteko gazteen artean kopuru hori 438 eurokoa litzateke, eta 25 urtetik beherako soldatapekoen artean, berriz, 279 eurokoa. Era berean, gizonek soldata handiagoa izan ohi dutenez gero, haien errenta onargarria ere handiagoa da.

Gero eta arrakala handiagoa

Etxebizitza alokatzeko gehieneko errenta onargarriaren jaitsierak bat egiten du merkatu librean alokairu-prezioek izan duten goranzko joerarekin. Ondorioz, gero eta handiagoa da ordaindu daitekeenaren eta merkatuko batez besteko errentaren arteko arrakala. Azken bost urteetan aipatu arrakala 91 eurotan hazi da; 229 euro 2016an eta 320 euro 2020. urtean. Urtebete eskasean, 2019tik 2020ra bitartean, hain zuzen ere, alde hori % 12,3 handitu da.

Alokairuen prezioen gorakadak soldaten beherakadarekin bat egin duenez gero, Euskadin, gazte batek bere kabuz eta bere soldataren % 30 baino gehiago gastatu gabe etxebizitza bat alokatu nahiko balu, bere soldatak % 82,4 handiagoa izan beharko luke. Kopuru hori 11 puntutan hazi da 2019tik eta 2020ra bitartean eta 25 puntutan 2016. urteaz geroztik.

Gipuzkoako gazteen egoera da okerrena, berriz ere. Haien kasuan bere soldata % 86,9an igo beharko lukete; Araban, aldiz, % 64ko igoera beharko lukete eta Bizkaian % 79,1ekoa. 18 eta 24 urteko gazteen egoera are larriagoa da; gazte horiek bere soldata % 154,7n haztea beharko lukete.

Etxebizitza babestua

Euskadin, gazte batek finantziazio-baldintza hobeak lor ditzake etxebizitza babestu bat lortzeko. Izan ere, 2020. urteko datuen arabera, 18 eta 34 urte bitarteko gazte batek bere soldataren % 28,9 jarri beharko luke pisu babestu baten hipotekaren kuota ordaintzeko. Ikus daitekeen bezala, kopuru hori merkatu librean ordaindu beharko lukeena baino ia 30 puntu baxuagoa da eta, gainera, zorpetzeko gomendatutako gehieneko mugaren (% 30) azpitik dago.

Etxe babestuen kasuan ere gipuzkoar gazteak eta 25 urtetik beherako emakume gazteak dira baldintza okerrenak dituztenak, hau da, haien kostuak altuagoak dira eta % 30eko langa gainditzen dute. Hala ere, kostu horiek etxebizitza librea eskuratzearen inguruko adierazleek erakusten dituztenak baino askoz txikiagoak dira.

Euskadiko 18 eta 34 urte bitarteko gazte baten ahalbide ekonomikoetara hobekien moldatzen den aukera etxebizitza babestu bat alokatzea da. Aukera hori da gazte bati diru gutxien eskatzen diona: 2020an etxebizitza babestu baten alokairu-errenta ordaintzeak gazteen batez besteko soldata garbiaren % 27,2 bideratzea eskatuko luke. Kostu hori 25 urtetik beherakoen artean bakarrik dago % 30etik gora.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoak diren edo haren bitartekaritza-programen parte diren etxebizitza babestuetan, goragoko muga bat ezartzen da, hileko errentak ezin baitu gainditu errentako familia-unitateen diru-sarreren % 30.


Nafarroako gazteen % 13,8 bakarrik dago emantzipatuta

Pandemiaren eraginez Nafarroako gazteriaren emantzipazio-tasa gutxieneko historikoetara jaitsi da. 2021. urteko lehen erdian, Nafarroan bizi diren 29 urtetik beherako gazteen % 13,8 bakarrik zegoen emantzipatuta. Kopurua hori Estatuan erregistratutako batez bestekoaren (% 14,9) azpitik dago. Gazteriaren Kontseiluko Emantzipazioaren Behatokiak emandako datuen arabera, aipatu kopurua aurreko seihilekoan jasotakoa baino 2,4 puntu baxuagoa da eta mende honetan jasotako daturik kaxkarrena da.

2015ean, Nafarroa zen familiaren etxetik kanpo bizi ziren gazteen kopuru handiena zuen bigarren autonomia erkidegoa. Baina ordutik hona joera beheranzkoa izan da. Pandemia aurretik jada  nafar gazteen emantzipazioa gauza zaila zen, nagusiki, oso baztertzailea zen higiezinen merkatu bati eta gero eta prekarizatuagoa zegoen laneratze bati aurre egin behar ziotelako. Pandemiak egoera okerreratu du eta gazte askorentzat ia ezinezkoa da familiaren etxetik alde egitea lan itxaropenak hobetzen ez badira.

Lan baldintzak

Nafarroako Gazteriaren Kontseilutik (CNJ/NGK) azaltzen dutenez, emantzipazio-tasaren beherakada, egun bizi dugun osasun-krisiaz gain, beste arrazoi batzuengatik eman da: alokairuen gero eta prezioa altuagoak, gazteen langabezia-tasa altua eta prekarietatea langile gazteen artean.

Izan ere, Nafarroako gazteen jarduerarik ezaren tasa (lan merkatutik kanpo dauden gazteak) iazko lehen erdian % 51,8koa zen. Egia da, kasu gehienetan (% 84,2) lan merkatutik kanpo egoteko arrazoi nagusia ikasten egotea dela.

Nafarroako gazte landunen (gazte guztien % 36,4) gehiengoak aldi baterako kontratuak ditu (% 60) eta hainbat kasutan, dutena baino formakuntza eskasagoa eskatzen duten lanpostuetan aritzen dira (% 54,3).

Soldatei dagokionez, Nafarroak Estatuko erkidego guztien arteko soldata-maila handienetako bat du, 13.744,67 euro garbi urtean. Hala ere, kopuru hori ez da nahikoa gazte bat bere kabuz eta gehiegi zorpetu gabe emantzipatu ahal izateko. Esan bezala, 2021. urteko lehen erdian, Nafarroan bizi diren 29 urtetik beherako gazteen % 13,8 bakarrik zegoen emantzipatuta.

Gazteen emantzipazioa sustatu nahian, duela zenbait urte Nafarroako Gobernuak gazteen alokairua sustatzea helburu duen EmanZipa programa jarri zuen martxan. Orain arte 2.500 gazte inguru baliatu dira gobernuak eskainitako laguntza horretaz eta, horri esker, alokairu kostuaren erdia finantzatzea lortu dute. EmanZipa 23 eta 31 urte bitarteko gazteei zuzendutako laguntza da eta alokairuaren erdia ordaintzen zaie, beti ere, 675 eurotik beherakoa bada eta gutxienez 3.000 euroko diru-sarrerak dituztenean.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.