Gazteentzako ehun zerbitzu baino gehiago biltzen dituen katalogoa

Gazteen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Nafarroako Gazteriaren Institutuak etxebizitzarekin, enpleguarekin eta prestakuntzarekin lotutako baliabide publikoak biltzen dituen katalogoa argitaratu du

Abuztuaren 12an ospatu den Gazteriaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) doako 121 zerbitzu publiko biltzen dituen katalogoa argitaratu du. Katalogoa Institutuaren webgunean eskura daiteke eta 12 kategoriatan sailkatzen ditu zerbitzuak: gizarteratzea, bizikidetza eta parte-hartzea; boluntariotza; hezkuntza formala; hezkuntza ez-formala; etxebizitza; osasuna; kultura; aisia eta kirola; mugikortasuna; ingurumena; eta, berdintasuna, aniztasuna eta parte-hartzea.

NGIren asmoa da katalogoa aldizka eguneratzea eta zerbitzu gehiago gehitzea.

Katalogoa

Katalogoa, bereziki 14 eta 30 urte bitarteko nafar gazteei zuzentzen zaie. Adin-tarte horretako gazteak 120.000 inguru dira, hots, biztanleria osoaren bosten bat.

Katalogoak oso baliabide desberdinak biltzen ditu: dirulaguntzen deialdiak, zentsu-tresnak, hezkuntza- eta gizarteratze-programak, jarduera ludikoak eta kulturalak, eta boluntariotza-programak, besteak beste, baina baita alokatzeko eta etxebizitza bat erosteko, gazteen enplegua sustatzeko eta prestakuntzarako programak ere.

Enpleguaren atala da programa eta zerbitzu gehien biltzen dituena: 32. Etxebizitza atalak eta hezkuntza jorratzen duten bi atalek ere zerbitzu nahiko biltzen dituzte. 

Nafarroako Gobernuak gazteei partzialki edo osoki zuzendutako zerbitzu guztiak biltzeko ekintza bat dator 2021-2023 aldirako Gazteriaren III. Foru Planaren helburuekin. Plan horrek hartzen ditu katalogoa artikulatzen duten ardatz tematikoak. Horrela, katalogoak planean identifikatutako beharrei eta erronkei erantzuten die. Behar eta erronka horiek zerikusia dute eraikuntza kolektiboarekin, gazteen emantzipazio-prozesuarekin eta etorkizuneko aukera posibleetarako proiekzioarekin. Guztira, planaren bidez 178 milioi euro bideratu dira Nafarroako gazteriara: 55 milioi 2021ean, 62 milioi 2022an eta 61 milioiko aurreikuspena 2023rako.