Migratzea eskubidea da, baita haurrentzat ere

Ipar Afrikako hiru neska migratzailetik batek sexu-abusuak edo beste genero indarkeria mota batzuk jasan edo ikusi izan ditu bere jaioterrietatik segurtasun bila ihesi zebilela.

Imajinatu, adibidez, 15 urteko nerabe bat zarela eta bizi zaren lekutik ihes egin behar duzula. Atzera begiratu gabe. Imajinatu neska gaztea zarela. Toki seguru baten bila, zelako gauzak aurkituko dituzu bidean? 

Save the Childrenen badakigu, nahiz eta oso gutxitan ikertu den neska migratzaileen gaia. Gure ‘Girls on the Move in North Africa’ txostenaren arabera, Ipar Afrikako hiru neska migratzailetik batek sexu-abusuak edo beste genero indarkeria mota batzuk jasan edo ikusi izan ditu bere jaioterrietatik segurtasun bila ihesi zebilela.

Ondorioztatu da neska askok etxetik ihes egin zutela indarkeriagatik, lan aukera ezagatik, familia gatazkengatik eta abusuaren eta ezkontza behartuaren eraginpean egoteagatik. Baina gero, mehatxu eta arrisku gehiago izan dituzte Afrikako iparraldean zehar eta iparralderantz egindako bidaietan.

Migratzaile izatearen arriskua

Migratzaileen eta errefuxiatuen egoera antzekoa da beste ibilbide batzuetan, beste arrisku berezi batzuekin. 50 iheslari eta migratzailetatik bat hil edo desagertzen da Europaranzko Mediterraneoko bideetan, eta haur eta nerabeek indarkeria eta baldintza ankerrak pairatzen dituzte iristen direnean. Aldi berean, Europako herrialdeek eta Europar Batasunak argi utzi dute heriotza horiek eta haurren aurkako tratu txarrak saihestu egin daitezkeela, azken urtean Ukrainatik etorritako haur iheslariei eman dieten harreran. 

Iheslarientzako NBEren agentziaren (UNHCR) datuak aztertu ondoren, Save the Childrenek “Segurua, batzuentzat soilik: lekualdatutako haurrei harrera selektiboa egiten zaie Europan txostenean ondorioztatu du 2019tik milioi erdi inguru lagunetik 8.000 baino gehiago hil edo desagertu direla Europaranzko Mediterraneoko bideetan. Europara iristea lortu zutenen artean % 20 haurrak ziren. Haurrak eta nerabeak Europara iritsi eta asiloa eskatzeko bide legal eta seguruak ixtean, Europako herrialdeetan babesa ematen zaien iheslarien % 90ek ibilbide prekarioak erabili behar ditu, bai lehorretik, bai itsasotik.

Udalekuak

Aurten, Save the Childrenek Barakaldoko Haur eta Nerabeen Baliabide Zentroan antolatu dituen udalekuen programazioaren hari nagusia migrazioena da. Udaleku horietan, beren herrialdean edo herrialdeen artean batetik bestera doazen haurren egoerari eta bizipenei buruzko gogoeta egin nahi izan dugu, zenbaitetan ondoan lagunduko dien pertsona heldurik gabe doazela kontuan hartuta. 

Gune honetako aisialdi hezigarriak gaiaren inguruan sentsibilizatzeko balio digu, aintzat hartuta, gainera, parte hartzen duten ume asko migratzaileak direla edo migratzaile izan diren familietakoak direla. “Migrazioei buruz gauza asko ari gara ikasten, eta gustura nabil”, azaldu zuen Issak (8 urte). “Hainbat arazorengatik beren herrialdea utzi eta beste batera doazen pertsonak dira”, erantsi zuen Manduk (9 urte), eta gai hori jorratzeko erabiltzen ari diren hiru jolas zerrendatu ditu. 

Azken urteetan, Europara zuzentzen ziren migrazio-fluxuen gorakada nabarmena ikusi dugu, eta ez soilik gatazkengatik, klima-aldaketak ekarri dituen ondorioengatik edo bizi-kostua eta gosea handitu direlako ere bai; horrek guztiak zibilak hainbat eremu geografikotatik ihes egitera eraman ditu, eta haurrak ere hor doaz. Migrazio-bideetan ondoan inor ez izateak eta etxeetatik urrun egoteak askotariko arriskuak dakarzkiete, eta behartuta daude haurtzaroa garaia baino lehen atzean uztera.

Haurren eskubideak

EB Asiloari eta Migrazioari buruzko Itun bat negoziatzen ari da: haurren eskubideak erdigunean jartzeko aukera eta betebeharra du. Gatazkatik ihes egiten duten haurrei segurtasuna eta babesa bilatzeko bide seguruak eta legezkoak eskaini behar zaizkie, bai eta beren bizitzak berreraikitzeko laguntzak ere. Irakaspenak atera behar dira Ukrainako gerra hasi ondoren abian jarri den erantzunetik, eta ziurtatu behar dugu abian jarri diren neurriak epe luzean mantendu daitezkeela Europan babesa bilatzen duten gainerako haur guztiei erantzuna emateko.

Ukrainako familiei egindako harrerak erakusten du Europako herrialdeek elkarrekin lan egin dezaketela gerratik ihesi doazen, egoera ahulean dauden eta traumak dituzten haurrak babesteko. Europako ikuspegi berri bat gauzatu daiteke, neska eta mutil guztien eskubideak asilo-politiken erdigunean jarriko dituena.