Sorginak protagonista Donostiako Beldurrezko Astean

Aurtengo Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea iragarriko duen kartelak, Itziar Ituñorekin, sorginei egiten die omenaldia

Itziar Ituño izango da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astearen kartelaren protagonista . Urriaren 27tik azaroaren 3ra bitartean izango den jaialdian sorginak izango dira protagonista. Kartelak berak sorginei egiten die omenaldia.

Tarot karta baten itxura du kartelak. Bertan, Ituño antzinako sorgin bat bezala agertzen da, aurpegi bikoitzarekin, zuriz eta beltzez jantzita. Aktore bizkaitarrak sorgin dual, argitsua eta iluna, boteretsua eta aldi berean bihozbera baten papera egiten du.Tarot-karta itxurako diseinuak antzinako esentzia sotilagoekin konektatu nahi du, orakulu grekoekin, arkanoekin… bi magien indarra jasoz.

Kartela Sorginak-Bruixes leitmotivaren barruan kokatzen da, TerrorMolins zinemaldiarekin partekatua eta duela egun batzuk iragarria, eta bertan sartzen dira Bruixes – Sorginak – Brujas. Akelarre ilustratua erakusketa, Borja Crespok komisariatua, eta Elisa McCauslandek eta Diego Salgadok idatzitako Beso negro: Brujería, cine y cultura pop liburuaren edizioa.

Argazkiaren egilea Marta Fresnillo da eta kartelaren diseinua Alive VFX & Design estudioak egin du.

Sorginak

Sorginaren figurak, dimentsio guztietan, beldurrezko zinemaren publikoa liluratzen eta izutzen jarraitzen du. Azken urteotan, emakumeen ahalduntzearen eta zapalkuntza patriarkalaren eta erlijiosoaren aurrean erresistentziaren sinbolo ere bihurtu dira. Horren adibide dira, besteak beste, The Lords of Salem (2012), The Love Witch (2016) eta Akelarre (2020).

Euskal Herrian, sorgina hitzak “zoriaren egile” edo “sortzaile” adiera har lezake. Kataluniako sorginek, aldiz, bruixa hitza erabiltzen zuten, latinezko bruxa edo brutia (“haginkari” edo “zupatzaile”) terminoan jatorria duena. Biek arrasto sakona utzi dute herri-kulturan, eta hori elezaharretan, jaietan eta lekuetan islatu egin da. Euskal Herrian Zugarramurdiko Leizea edo Sorginen Leizea dago, akelarreak egiten ziren lekua. Katalunian Montsoriu gaztelua, Sant Feliu de Sasserra edo Molins de Reiko plaça de les Bruixes daude, sorginak bizi edo biltzen omen ziren lekua.