Donostia Kulturak antolatzen duen Glad is the day musika-jaialdia datorren abuztuaren 27an izango da. Goizeko 11:30etatik hasita, Donostiako Cristina Enea parkea erritmoz beteko da musika aniztasuna ospatuko den jardunaldi honetan.
Egia Kultur Etxeak, Dabadabak eta Le Bukowskik koordinatuta, Keler garagardoaren babesarekin eta Kutxa Kultur Fundazioaren eta Tabakaleraren laguntzarekin, jatorri oso desberdineko 16 talde eta artista baino gehiagok hartuko dute parte publiko guztiei irekitako musika jaialdi honetan. Sarrera doakoa izango da eta DJ saioek, picnic-ek, azoka batek eta haurrentzako jarduerek osatuko dute programa.
Azoka Dabadabaren bidez kudeatuko da, eta 50 postu jarriko dira askotariko saltokietarako, hala nola vintage dendak edo tokiko talentuen sorkuntzak, besteak beste, Kutxa Kultur Modako Neela, Haizea Arranz Nerea, Lurgain eta Nahia Salaberria.
Musika-programazioa
Berritasun gisa, aurtengo edizioan aurretiko bi musika hitzordu antolatu dira. Batetik, Dabadabak ordainpeko kontzertu bikoitza antolatu du, Gladis Hautaketa izenekoa. Hitzordua abuztuaren 6an izango da, 20:00etan, eta Peces Raros argentinarrak eta Kiwi Junior kanadarrak arituko dira. Sarrerak aretoaren webgunean daude eskuragarri. Bestalde, abuztuaren 26an, 19:00etan, jaialdiaren bezperan, Gladis Aperitif izenpean Muare bikotearen emanaldia eta Ines Dj-en saio bat aurkeztuko dira Nestor Basterretxea plazan. Bi proposamen hauek tokiko artistenak dira.
Hilaren 27ko musika proposamena 16 talderen esku egongo da, eta musika aniztasuna izango da eguneko pizgarrietako bat: La Ola Maldita donostiarren surf rocka, Kulto Kultibo irundarren rap/reggaea, Nakar-en postpunk elektronikoa, Las Ligas Menores argentinarren pop indiea, Tito Ramírezen doinu beroak eta Señor No-ren punk rocka. Horrez gain, Josu Bukowskik eta DJ Otalorak musika aukeratuko dute bazkalorduaren tartean. Hip-hopak eta soinu urbanoek ere lekua izango dute jaialdi honetan, eta gazteenak dantzan jarriko dituzten 8 emanaldi izango dira: Suso (Dj), Euskoprincess (Live), Alai (Live), Yxeb 3000 (Dj), Kievra (Live), Mutiko, Denso & Tatta (Live), Yugen Kala (Djs) eta Gazzi (Dj). Gauez, DJ gehiago egongo dira musika aukeratzen Le Bukowski eta Dabadaban.