Zabalik ‘Bilbao Metal Pop Rock’-en izena emateko epea

Epaimahaiak aukeratutako musika taldeek 50 minutu inguruko kontzertua eskaini ahal izango dute Bilboko Aste Nagusian.

Datorren ekainaren 5era arte zabalik izango da aurtengo  ‘Bilbao Metal Pop-Rock’ erakustaldian izena emateko epea. Erakustaldian Metalaren, Rockaren eta Poparen barruko estilo guztiak onartuko dira, Jazz-a izan ezik. Bereziki kontuan hartuko dira emakumeek osatutako taldeak eta euskaraz egindako lanak.

Aurreko edizioetan bezala, izen-emateak udalaren webgunearen bidez bakarrik egin ahal izango dira. Izena eman ahal izango dute Bizkaiko bakarlari eta taldeek. Azken horien kasuan, gutxienez taldekide batek Bizkaiko udalerriren batean erroldatuta egon beharko du.

Izena-emateko ezinbestekoa da inprimakia osatzea eta lau abesti (formatu digitalean), argazki bat (formatu digitalean) eta taldearen biografia laburra bidaltzea.

Aurkezten diren hautagai guztien artean epaimahaiak Bilboko Aste Nagusian kontzertu bat eskaintzeko talde/bakarlari batzuk aukeratuko ditu. Hautatuek 50 minutu inguruko kontzertua emateko aukera izango dute.