Gazteen Euskal Behatokiak ‘Antsietatea eta ondoez emozionalaren kudeaketa. Gazteekin lan egiteko tresnak’ ikastaroa antolatu du. Ikastaroa Bilbon irakatsiko da ekainaren 7an, 14an eta 21ean eta Donostian ekainaren 8an, 15ean eta 22an.
Ikastaroaren xedea da parte-hartzaileei gazteekin eta bere ingurukoekin aplika ditzaketen estrategiak irakastea. Hortaz, ikastaroa, bereziki, gazteriaren lan arloan lan egiten duten pertsonei, gizarte eta familia hezitzaileei eta DBHko orientatzaileei zuzentzen zaie. Izena emateko epea datorren maiatzaren 25ean amaituko da.
Ikastaroa Ernesto Gutiérrez Crespo psikologo eta pedagogoak irakatsiko du. Gutiérrez Euskadiko Psikopedagogia Elkarteko presidentea eta Deustuko Unibertsitateko eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle laguntzailea da. Ikastaroa doakoa da eta gaztelaniaz izango da.
Ikastaroa
Ikastaroan gazteen ondoez emozionalaren arrazoiei eta osasun mentalari eta emozionalari lotutako mitoei buruz hausnartuko da eta emozionalki osasungarria den bizimodu baterako jarraibideak aurkeztuko dira. Gainera, estresa, antsietatea eta ondoez emozionala prebenitzeko eta kudeatzeko estrategia psikologikoak eta pedagogikoak ere eskainiko dira. Ikastaroaren helburuetako bat da bertaratutakoen artean enpatia, pentsamendu positiboa, erresilientzia, gatazken kudeaketa, umore-sena, malgutasun kognitiboa eta asertibitatea bezalako gaitasun intrapertsonal eta interpertsonalak garatzea, ongizate emozionala babesteko faktore gisa. Era berean, seme-alaba gazteen ongizate emozionala bultzatzen laguntzeko familiei aholkuak emateko jarraibideak.