‘Rock on Top’ zikloaren II. edizioa

Ekainaren 15etik 17ra bitartean Mendizabalan izango den Azkena Rock Festivalen izango diren zenbait talderen inguruko dokumentalak ikusi ahal izango dira.

Bigarren urtez jarraian Gasteizko Montehermoso Kulturuneak rock musika beste ikuspegi batetik gozatzeko aukera emango du. Izan ere, maiatzaren 24tik ekainaren 14ra bitartean Montehermosok ‘Rock on top’ zikloaren bigarren edizioa hartuko du. Aipatu zikloaren barruan ekainaren 15etik 17ra bitartean Mendizabalan izango den Azkena Rock Festivalen izango diren  zenbait  talderen inguruko dokumentalak ikusi ahal izango dira.

Aurtengo edizioan bisitariek lau ‘rockumental’ ikusteko aukera izango dute. Lehenengoa,  maiatzaren 24an, ‘Gimme Danger’ izango da. 2016ko dokumental honetan, Jim Jarmush  zuzendariak Iggy Pop-en taldea izandako The Stooges bandaren nondik norakoak jaso zituen.

Maiatzaren 31an, berriz, Beth B-ek ‘Spoken Word’ eta ‘No Wave’ mugimenduen ikono izan zen Lydia Lunchen inguruan egindako ‘Lydia Lunch: the war is never over’ dokumentala ikusi ahal izango da.

Astebete beranduago, ekainaren 7an, ‘The story of Undertones’ ikusi ahal izango da. Dokumentalak 1975. urtera eramango gaitu, Irlandako Iparraldeko Derry hirira. Bertan, bost nerabek John Peelen hitzetan ‘rock musikaren historian den abestirik onena’ sortu zuten: ‘Teenage Kicks’.

Azkenik, ekainaren 14an, ‘El Drogas’ dokumental biografikoa ikusi ahal izango da. Bertan Enrique Villarreal handiaren bizitzaren hainbat kontu ezagutzeko aukera izango da. El Drogas bera Montehermoson izango da bere dokumentalaren emanaldian.

Rockumenatalak musika ardatz duten dokumentalak dira eta zinemaren industrian gero eta indar handiagoa hartzen ari den generoa da. Horrela, gero eta ohikoagoa da munduko zinemaldi garrantzitsuenetan horrelako lanak ikustea:  CannesVeneziaBerlin… Izen handiko hainbat zinegilek, hala nola, Martin Scorsese (Bob Dylan)Jim Jarmush (The Stooges)Jonathan Demme (Neil Young eta Talking Heads) edo Wim Wenders (Buenavista Social Club) genero horretan murgildu dira.

Dokumental guztiak 19:00etatik aurrera ikusi ahal izango dira. Sarrerak entradium.com webgunearen bidez lor daitezke.