Adimen Artifizialak (AA) aukera ugari zabaldu ditu, baina, aldi berean, hainbat erronka ere mahaigaineratu ditu. AAk ekarri dituen zenbait aurrerapen sinesgaitzak dirudite. Horrek hainbat galdera eragin ditu esparru ezberdinetan, hala nola, hezkuntzan, lan munduan, ekonomian, medikuntzan, segurtasunean, politikan… Esan bezala, AA-k aukera ugari eskaintzen ditu, baina aldi berean, gaur egun, ziurtasun gutxi dago horren guztiaren inguruan.
Adibidez, Chat GPT sortu duen Open AI konpainiako buru Sam Altman aste honetan bertan AEBetako Kongresuan izan da adimen artifizialak izan ditzakeen arriskuen inguruan hitz egiteko. Horrelako tresnaren onurak azpimarratu dituen arren, Altmanek berak onartu du ezinbestekoa dela horren gaineko araudi bat izatea. Bere esanetan, “adimen artifizialak hauteskundeetan dizan dezakeen eragina oso kezka-eremu garrantzitsua da eta, beraz, araudi bat ezartzea neurri nahiko jakintsua izango litzateke”.
Hitzaldia
Horren guztiaren inguruan hitz egiteko aukera izango da datorren maiatzaren 23an Bidebarrieta Kulturgunean. Bertan, adimen artifizialean eta zuzenbidean aditua den Elen Irazabalek teknologia horrek ekarri dituen aukera eta mehatxuen inguruan sakonduko du. Jardunaldia Mikel Reparazek eta Dani Álvarezek zuzentzen duten “Gaurkotasunarekiko Topaketak” zikloaren barruan antolatu da.
Jardunaldian, besteak beste, Google utzi aurretik AAren sortzaileetako bat den Geoffrey Hintonek esandakoaren inguruan eztabaidatuko da eta benetakoa dena eta faltsua dena bereiztea zein zaila izan daitekeen erakusten duten zenbait adibide ere aurkeztuko dira.