Zabalik enplegu anezka berrietan izen-emateko epea

Bostehun pertsona baino gehiagok lan munduan sartzea lortu dute Bizkaian azken urteotan abian jarri diren 50 enplegu anezka baino gehiagotan

Zabalik da jada udazken eta negu honetan jarduera garatuko duten talde berrientzat Enplegu eta Ekintzailetza – Anezka programan izena emateko epea.

Programa Enpleguaren eta Ekintzailetzaren Foru Agentziak (DEMA) kudeatzen du (Enplegu, Gizarte Kohesioko eta Berdintasuneko Foru Sailari lotua), eta Bizkaian azken urteotan abian jarri diren 50 talde baino gehiagotan, bostehun pertsona baino gehiago laneratzea lortu da.

Enplegu anezken helburua pertsonei laneratze-prozesuan laguntzea da, taldekako eta banakako estrategia baten bidez. Estrategia horrek beren helburu profesionalarekin bat datorren lanpostua aurkitzeko aukerak areagotzen ditu.

Enplegu eta Ekintzailetzako Anezkak talde heterogeneoak sortuz antolatzen dira, gehienez 20 pertsonaz osatuak. 15 astez, edo lana aurkitu arte, parte hartzen dutenek adituen laguntza eta aholkularitza izango dute. Programaren jarduera nagusien artean, taldeko saioak, banakako saioak, tailerrak eta foroak nabarmentzen dira. Horiek guztiak helburu komun batekin sortu dira: enplegagarritasuna hobetzea.

Aurrez izena eman nahi duten pertsonek langabezian egon behar dute (edo enplegua hobetzeko prozesuetan izena emanda egon), Lanbiden erregistratuta eta Bizkaian erroldatuta.

Bizkaiko Laneratze programetan parte hartzen duten pertsonek beren enplegagarritasuna hobetzen dute, enpleguaren aurrean duten jarrera hobetzen dutelako. Horrek eragin positiboa du beraien osasun emozional eta mentalean, beren gaitasunetan duten konfiantzan.

Enplegu-anezka berriei buruzko informazioa eta horien aurretiko izen-ematea irailaren 30era arte egin daiteke DEMAren webgunearen bidez.