Irakurketa denbora: 2 Minutu
Nafarroako Gobernuak zuzeneko kultura ikuskizunak sustatzeko antolatzen duen ‘Kultur’ programak beren XXX. edizioa ospatuko du aurten. Egitaraua ekainaren 20an hasiko da Fiteron Arbea-Diéguez Quartet-aren kontzertu batekin eta abuztuaren amaierara arte luzatuko da. Guztira Foru Erkidegoko 43 udalerrik hartuko dute egitarauaren barruan programatutako emanaldiren bat. Horietatik 13k lehenengoz hartuko dute parte ‘Kultur’ programan. Aurtengo edizioaren beste nobedade garrantzitsu bat uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean Bertizko Jaurerrian izango den erakusketa izango da.
Kultura Departamentuak 280.000 euro bideratu ditu edizio honetarako, ikuskizunen kalitatea bermatzeko beharrezkoak diren kultura zerbitzuetan, soinuan eta beste laguntza teknikoetan espezializatutako enpresen laguntza teknikoaren kontratua barne hartzen duen inbertsioa egiteko.
Egitaraua
Esan bezala, ‘Kultur’ programak 30 urte beteko ditu musika, antzerkia, dantza eta zirkoa Nafarroako udalerri ezberdinetara eramaten udako asteburuetan. Aurkeztu berri den egitarauak ohiko formatuari eutsiko dio, hots, kalitatezko kultur ikuskizunak hurbildu nahi dira Nafarroako txoko guztietara.
Aurtengo programazioa ekainaren 20an hasiko da Fiteron Arbea-Diéguez Quartet laukotearen jazz kontzertuarekin. Egun horretatik aurrera, ikuskizunak izango dira etengabe abuztuaren amaierara arte. Ikuskizunen artean nabarmentzen dira genero ezberdinetako musika-ikuskizunak, antzerkia, zirkoa eta dantza.
Artearen eta naturaren arteko erakusketa
Esan bezala, aurtengo nobedade esanguratsuena Bertizko Jaurerrian izango den erakusketa izango da. Zortzi emakumek (Leire Olkotz, Idoia Iribertegui, Berta Suescun, Mila Garcia, Gabriela Barrio, Itziar Goñi, Rebecca Gil eta Concha Pasamar) osatzen duten Variopintas talde artistikoak ‘Ars Naturae – Natura Artis’ proposamena aurkeztuko du. Erakusketa hizkeren eta begiraden nahasketatik ehundua; artearen jatorri, bultzada eta materia den aldetik natura errespetatzen duen adierazpena da eta publikoari irekitako esperientziak txertatzen ditu.
Izan ere, erakusketak bisitariak proposamen artistikoaren parte izatera gonbidatzen dituzten elementu interaktiboak barne hartzen ditu. Ibilbidearen amaieran, orri zuriekin betetako maleta batek publikoari parte hartu eta esperientzia osatzeko aukera emango dio, horrela diskurtso bisuala ahozko eta literarioarekin integratuz. Proposamenak, gainera, haur tailerrak eta bi bisita gidatu izango ditu publiko mota desberdinetarako sarbidea errazteko.
Nafarroako Gobernuak aurreko urteko parte hartze zifrak mantentzea espero du, ikuskizunak hartu zituzten 42 udalerrietan, guztira, 5.696 lagun bildu baitziren. Miguel Bravok diseinatutako edizio honen kartelak iazko lerroa jarraitzen du eta uda, proposamen aniztasuna, irisgarritasuna, musika, zuzeneko arteak eta Nafarroako ondarea islatzen ditu.









