Haurtzaroa su gurutzatuan

Gatazka eremuetan dauden adingabeen kopurua ia bikoiztu egin da azken 30 urteetan

 Irakurketa denbora: 3 minutu

Lerroburuetan indarkeria nagusi den mundu honetan, bada oharkabean pasa ezin dugun egia mingarri bat: aukeratu ez zituzten gerren erdian hazten dira milioika haurrena. Save the Children-en “Haurtzaroaren aurkako gerrari ez: bakerako bideak” txostenaren arabera, gatazka eremuetan dauden adingabeen kopurua ia bikoiztu egin da azken 30 urteetan, eta 2023an 473 milioira iritsi da. Horrek esan nahi du munduko sei haurretatik bat gerraren etengabeko mehatxupean bizi dela.

Txostenaren zifrak suntsitzaileak dira. 2023an, haurren aurkako 31,000 bortxaketa larri baino gehiago izan ziren gatazka-eremuetan, 2005ean erregistroak hasi zirenetik, kopururik altuena. Hilketak, mutilazioak, derrigorrezko errekrutamendua, bahiketak eta sexu indarkeria sartzen dira horren barruan. Batez beste, egunero 86 haurrek jasaten dituzte bortxaketa larri horiek, hau da, eskola klase oso bat desagertzen da egunero.

Biktima

Aurkikuntzarik larrienetako bat da % 31 igo dela hildako edo elbarri izandako haurren kopurua, aurreko urtearekin alderatuta. Biktima horien herena baino gehiago palestinarrak ziren. Gainera, eskolen eta ospitaleen aurkako erasoak inoiz baino handiagoak izan dira, erasoen % 38 Palestinako Lurralde Okupatuan gertatu baitira.



Gainera, laguntza humanitarioa jasotzeko aukera ukatzeak maila historikoak lortu ditu. 2023an 5.000 istilu baino gehiago izan ziren, eta arriskuan zeuden adin txikikoei bizi-laguntza iristea eragotzi zitzaien. Palestinako Lurralde Okupatuak, Sudan eta Ukrainian izan ziren lurralde kaltetuenetako batzuk. Ukrainan izan ziren eskolen aurkako eraso gehien, haurtzaroak hezkuntzarako duen oinarrizko eskubidea kolokan jarriz.

Munduko gastu militarra 2.4 bilioi dolarrera iritsi zen 2023an, eta gatazken prebentziorako inbertsioa, berriz, mailarik baxuenera jaitsi zen 15 urtean. Desoreka horrek erakusten du bakearen gainetik gerra lehenesten jarraitzen dela, egunero bizitza errugabeak galtzea dakarren akatsa.

Lankidetza eta diplomazia

Errealitate hori aldatzeko eskatzen digu txostenak. Besteak beste, neurri hauek sustatzen ditu:

  • nazioarteko lankidetza eta diplomazia indartzea
  • bakerako hezkuntzan inbertitzea
  • gatazka-eremuetan haurren babesa indartzea
  • haurren aurkako bortxaketa larriak egiten dituztenei erantzukizunak eskatzea
  • laguntza humanitarioa mugarik gabe eskuratzeko aukera bermatzea
  • haurren ahotsa entzutea eta bakearen eraikuntzan parte har dezaten ahalbidetzea

Funtsezkoa da onartzea gerra eremuetan hazten diren haurrek trauma psikologiko latzei egin behar izaten dietela aurre. Gainera, trauma horiek epe luzera haurren garapenean eta ongizatean eragina izan dezakete. Indarkeriarekiko etengabeko esposizioak haien bizitza fisikoak arriskuan jartzeaz gain, ondorio emozional sakonak ere uzten ditu. Adingabe horietako askok senideak galdu dituzte, euren etxeetatik lekualdatu dituzte eta euren hezkuntza eten behar izan dute. Beren bizitzetan egonkortasunik eta segurtasunik ez izateak etorkizuneko aukerak mugatzen dizkie, eta pobreziaren eta gatazkaren zirkulua iraunarazten du.

Gazako Khalid edo Somaliako Sharmake haurren istorioek, adibidez, jarduteko premia gogorarazten digute. “Nire mezua, munduarentzat, Gazako herria ez abandonatzea da”, dio Khalidek. “Gerrarik ez egotea ez ezik, bakea ere behar dugu”, gaineratu du.

Egoera okerrenean dauden herrialdeak

2023an haur izateko hamar herrialde okerrenak Burkina Faso, Mali, Myanmar, Afrika Erdiko Errepublika, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Somalia, Sudan, Siria, Palestinako Lurralde Okupatuak eta Ukraina dira. Eskualde horietan, adingabeek, gerraren indarkeria zuzenari aurre egiteaz gain, hezkuntza, osasuna eta bizi-baldintza duinak lortzeko aukerarik ezari ere aurre egin behar diote.

Save the Children erakundearen txostena premiazko deia da gobernuak, nazioarteko erakundeak eta gizarte zibila haurren defentsan batu daitezen. Gerra ez da halabeharrezko patua; borondate eta ekintza kolektiboz lehengoratu daitekeen erabaki politikoa da. Gazteek, aldaketa-eragile diren heinean, funtsezko zeregina dute indarkeriarik gabeko mundu baten eraikuntzan.

Nazioarteko komunitatearen papera funtsezkoa da irtenbide eraginkorrak bilatzeko. Beharrezkoa da erakunde globalek monitorizazio- eta zigor-mekanismoak ezartzea gatazka-eremuetan haurren eskubideak urratzen dituztenentzat. Era berean, herrialdeen arteko lankidetzak laguntza humanitariorako eta adingabeen babeserako baliabide egokiak berma ditzake.

Haurtzaroaren aurkako gerrak amaitu behar du. Hori lortzea guztion esku dago.

Advertisements