Udako agenda berdea Gasteizen Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eskutik

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Atarian eta Olarizuko lorategi botanikoan izango diren 61 jarduera programatu ditu

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak 61 jarduera biltzen dituen udako egitaraua aurkeztu du. Jarduera guztiak Atarian eta Olarizuko lorategi botanikoan egingo dira iraila bitartean. Jardueretan izena emateko epea jada zabalik da eta aurrez aurre egin daiteke Atarian bertan edo hiriko gizarte etxeetan edo 010 telefonora deituz edo udalaren webgunearen bidez.

Aurkeztutako egitarauak dibulgazio zientifikoa, tailer praktikoak eta aire libreko ikuskizunak uztartzen ditu. Proposamen nagusien artean abuztuan Olarizuko Etxaldearen patioan egingo den ‘Lorategiko Zinema Zikloa’-ren seigarren edizioa eta Ana Calviño ikertzaileak irailaren 24an emango duen hitzaldia  nabarmentzen dira. ‘Berdea norentzat? Hiri landaredia pentsatuz interakzio ekologikoak leheneratzeko’ izenburuko hitzaldi horretan Calviñok landareen, intsektu polinizatzaileen eta hegaztien arteko lotura ekologikoak berrezartzeko azpiegitura berdeak diseinatzearen beharrari buruz hausnartuko du.

Bi gune, askotariko esperientziak

Olarizuko lorategi botanikoak irailean izango du programazioaren zatirik handiena, sasoi horretan gaueko tximeletek eta hegazti migratzaileek basoak erabiltzen baitituzte atsedengune gisa.



Programatutako tailer praktikoetan parte-hartzaileek santolina olioa, etxeko ozpinak edo paper birziklatua egiten ikasteko aukera izango dute. Familientzako berariazko bi proposamen daude: miaketa Erdialdeko Europako basoetan zehar eta ‘Landare Olinpiadaren’ bigarren edizioa.

Salburuako Hezeguneen Interpretazio Zentroak ere egitarau berezia izango du birziklatutako materialekin egindako estutxeak egiteko tailerrekin eta astronomia hastapenerako saioekin. ‘PolinizArte’ tailerrak sorkuntza artistikoa eta sentsibilizazio ekologikoa uztartuko ditu.

Udako hitzordu berezienetako bat ‘Miradas Inversas’ ikus-entzunezko ikuskizuna izango da, ingurune naturala beste angelu batzuetatik behatzera gonbidatzen duen diziplina anitzeko proposamen eszenikoa. Edurne Maionak, Sara Luna Torregok, Elida Díezek eta Matxalen Erzillak sinatutako sorkuntza lanak dantza, irudia eta hausnarketa uztartuko ditu, zentzumenen esperientzia sakona eta konprometitua eskaintzeko.

Natura zuzenean

Ibilbide naturalistikoen barruan hegaztien behaketa, ‘Bioabentura’ ezagunak eta irailaren amaieran oreinen orroa ikusteko irteera bereziak antolatuko dira. Programazioa hezegunetik haratago hedatuko da, Izki, AizkorriAratz eta Gasteizko Mendietara ibilbideak eginez.



Hitzaldietan ere hainbat gai jorratuko dira, hala nola Arabako botanikaren historia, elikadura eta osasuna, astronomia eta biodibertsitatea… Horietan guztietan dibulgatzaile, zientzialari eta espezializatutako taldeak egongo dira.

Familiei zuzendutako jardueren artean daude, besteak beste, eguzkiaren, Lurraren eta ilargiaren mugimenduak aztertuko dituen ‘Eguzkia, Lurra eta Ilargia’ tailerra eta ‘Hegaztien mundua esploratzen’, hegaztien bizitzan inspiratutako jolas libreko, arteko eta behaketako esperientzia.

Eskaintza aldi baterako bi erakusketekin osatuko da. Abuztuaren 24ra arte Audubonen obran eta mundu ornitologikoaren tradizio ilustratuan inspiratutako Arte eta Lanbide Eskolako Grabatu Kalkografikoko Tailerreko ikasleek sortutako zenbait grabatu biltzen dituen ‘Paradisuko hegaztiak’ erakusketa ikusi ahal izango da Atarian. Irailaren 2tik aurrera, berriz, Lucas Vallecillos argazkilariaren ‘Klima larrialdia. Erronka sozial saihestezina’ lanak klimaren aldaketak gure ingurunean dituen ondorioak dokumentatuko ditu.

Egitarau osoa Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren webgunean kontsulta daiteke.