Cyberlehia zibersegurtasun txapelketaren finala Bilbon ospatuko da

Lanbide Heziketako 30 ikastetxetako 450 ikasle baino gehiagok parte hartu dute aurtengo edizioan

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen duen CyberLehia zibersegurtasun lehiaketaren bigarren edizioak bere azken fasea ospatuko du apirilaren 3an Bilboko Zorrozaurreko La Terminal gunean. Ekitaldia goizeko 9:00etatik 14:30era izango da eta zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez, EITBren laguntzari esker.

Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuei zuzendutako lehiaketa honek parte-hartze nabarmena izan du. Izan ere, 30 ikastetxe desberdinetako 450 ikasle baino gehiagok parte hartu dute aurtengo edizioan. Lehiatzen diren taldeak gehienez hiru ikaslez osatuta daude.

CyberLehia 2025

CyberLehia 2025en helburu nagusiak dira ikasleen motibazioa bultzatzea; zibersegurtasunaren sektorera talentua erakartzea; diziplina honi buruzko ezagutza partekatzea; enpresa, ikastetxe eta ikasleen arteko loturak estutzea; eta, Lanbide Heziketak gero eta garrantzitsuagoa den esparru teknologiko honetan egiten duen lana erakustea.

Otsailean hasi zen lehiaketa gero eta zailtasun handiagoa zuten hiru fasetan garatu da. Hasierako fasean, ikasleek 60 erronka baino gehiagori aurre egin behar izan zieten CTF (Capture The Flag) formatuan, zibersegurtasun arloan oso ezaguna den ikasketa eta ebaluazio modalitatean. 34 talde onenak martxoan egin den bigarren fasera pasatu ziren eta 49 erronka konplexuagoak osatu behar izan dituzte.

Bigarren fase horren amaieran bost taldek lortu dute finalerako sailkatzea:

  • admin “OR” 1 “=” 1 (Zubiri Manteo)
  • h4ckTXok0 (Txurdinaga LHII)
  • B1t-Cr4ack3r $ (Egibide LHIPI)
  • BAGU (Zubiri Manteo)
  • info.php  (Maristak Durango LHIPI)

Azken faseak bi zati izango ditu: ariketa teoriko bat, non finalistek sektoreko profesionalek ebaluatuko duten txosten bat idatzi beharko duten, eta ariketa praktiko bat, apirilaren 3ko jardunaldian garatuko den Eraso/Defentsa motako CTF batean oinarritua.

Lehiaketarekin batera, zibersegurtasunean espezializatutako jardunaldi bat antolatu da, nazioarteko hizlariekin. Bertan izango dira Red Goat Cyber Securityko Lisa Forte eta Vicomtecheko Igor Pallín. Programak Tarlogic enpresak emandako tailer tekniko aurreratuak ere barne hartzen ditu.



Ekitaldia hezkuntza-sektorearen eta enpresa-sektorearen arteko topagune ere izango da, zibersegurtasunean espezializatutako hamar enpresaren, Cyberzaintzaren (Euskal zibersegurtasun agentzia) eta Cybasque-ren presentziarekin, zibersegurtasun enpresen euskal klusterra ordezkatuz. Agertoki hau enpresen, lanbide heziketako zentroen, irakasleen eta ikasleen arteko harremanak sustatzeko diseinatuta dago.

CyberLehia txapelketa hau erreferente bihurtzen ari da estatu mailan, eta Euskadik zibersegurtasunaren arloan duen konpromisoa eta lidergoa erakusten ditu. Finalaren ondoren, maiatzean, nazioarteko beste txapelketa batzuetan parte hartzeko aukera izango dute talde irabazleek, Euskadiko Lanbide Heziketaren maila altuena erakutsiz.