Grison beatboxerra izango da Korner jaialdiko fitxaketa nagusia

‘La Revuelta’ telebista saioko kolaboratzaile ezagunak saio berezia eskainiko du Anoeta futbol zelaian datorren ekainaren 6an.

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Donostia Kirola eta Donostia Kulturaren laguntzarekin Real Sociedad Fundazioak antolatzen duen eta kultura eta futbola uztartzen dituen Korner jaialdiaren VIII. edizioa ekainaren 2tik 7ra bitartean egingo da. Ohi bezala, kulturaren eta futbolaren esparruko pertsonaia ezagunak izango dira jaialdian. Adibidez, aurtengo fitxaketa nagusia ‘La Revuelta’ telebista saio arrakastatsuan aritzen den Grison beatboxer-a izango da. Umorista madrildarra Monologoles atalean izango da eta saio berezia eskainiko du Anoetako futbol zelaian, ekainaren 6an, 21:00etatik aurrera.

Grison-ek umorea eta musika uztartuko ditu bere emanaldian, ahotsarekin eta loop station batekin soilik sortutako abestien bertsioekin. Horrez gain, inprobisazioa eta publikoarekin elkarreragina izango dira ikuskizunaren osagai nagusiak, giro dinamiko eta parte-hartzailea sortzeko. Ekitaldirako sarrerak jada eskuragarri daude jaialdiaren webgune ofizialean (www.korner.eus).

Korner 2025 jaialdiaren egitarau osoa maiatzean iragarriko da, ohiko formatuak eta publiko guztientzako proposamen berriak uztartuz.

Aurtengo edizioa “Futbolaren bultzada” kontzeptuaren inguruan egituratuko da, komunitateak mugiarazteko eta erronka kolektiboei aurre egiteko duen gaitasuna azpimarratuz.