Irakurketa denbora: 2 Minutu
Gazteen Euskal Behatokiak maiatzean zehar Gasteizen, Bilbon eta Donostian emango den “Suizidioaren prebentzioa: gatekeeper 1. mailako programa” ikastaroa antolatu du. Izena emateko epea apirilaren 1etik 10era bitartean egongo da zabalik. Euskaraz eskaintzen den prestakuntza honen xedea da profesionalak gaitzea gazteen artean suizidio-jokabideen alarma-egoerak antzemateko eta horrelako egoerei egoki erantzuteko eta beharrezkoa denean osasun zerbitzu espezializatuetara bideratzeko trebetasunak ematea.
Ikastaroa Osakidetzako psikiatra Jon García-Ormazak eta EHUko Neurozientzia Saileko irakasle Alexander Muelak emango dute. García-Ormaza Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean suizidioaren ikerketaren arduraduna da eta Biobizkaiako Osasun Mentaleko ikerketa taldeko kide ere da. Horrez gain, Neurozientzietan doktorea eta EHUko Neurozientzien Saileko irakasle elkartua da. Muela, berriz, suizidioaren prebentzioari buruzko hainbat ikerketa-proiektu eta argitalpenetan parte hartu du.
Aipatu helburu orokorrez gain, prestakuntza honek honako helburu zehatzagoak ditu:
- ebidentzia zientifikoan oinarritutako suizidioari buruzko ezagutza fidagarriak ematea
- prebentzioaren eraginkortasunari buruzko jarrera positiboa garatzea
- jarrera aktiboa hartzeko zalantzak ezabatzea
- arrisku-egoeretan jarduteko autoeraginkortasuna hobetzea
- jarduteko protokolo sendoak egiteko ezagutzak garatzea
Esan bezala, prestakuntza-saioak Gasteizen, Bilbon eta Donostian eskainiko dira. Hiri kasuetan saioak 09:00etatik 14:00etara bitartean izango dira:
- Gasteiz: maiatzaren 6an eta 13an, El Campillo Gizarte Etxean.
- Bilbo: maiatzaren 7an eta 14an, Gazteen Euskal Behatokiaren egoitzan.
- Donostia: maiatzaren 9an eta 16an, CRAJen.
Hiru ikastaroetan, gehienez, 20 plaza eskainiko dira. Horregatik, komeni da ahalik eta lasterren izena ematea lekurik gabe ez geratzeko. Lehentasuna izango dute erakunde, elkarte, administrazio publiko, enpresa, ikastetxe edo boluntario gisa gazteekin lan egiten edo kolaboratzen duten pertsonek. Izen-emate ordena ere kontuan hartuko da.
Parte-hartzaileen profila nagusiki gazteriaren arloko langileei zuzenduta dago (Gazte Informazioa, udalak, aldundiak eta beste erakunde batzuk), gizarte eta familia hezitzaileei, eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetako orientatzaileei.
Izena emateko beharrezkoa da ziurtagiri digital bat izatea, GEBk ikastaroak kudeatzen dituen aplikazioa eguneratu baitu. Ziurtagiri honek izen-ematearen egoerari buruzko informazioa eskuratzeko aukera emango du, baita ikastaroa amaitutakoan dagokion ziurtagiria deskargatzeko aukera ere, asistentzia eta ebaluazio betekizunak bete badira.
Ikastaroan parte hartzeko interesa duten pertsonek argibide gehiago lor dezakete Gazteen Euskal Behatokiarekin harremanetan jarriz gaztebehatokia@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez edo 944031645 telefonoan.







