Nafarroan, Dantxarineako muga-pasabidetik hamar bat kilometrora Zugarramurdi herria aurkitzen da. Berrehun biztanle inguru dituen herrixka izan arren, Zugarramurdi aski ezaguna da gure inguruneetan. Izan ere, herri hori beti sorginei lotuta azaltzen da. Bertara gerturatzen diren bidaiariek herritik laurehun bat metrora Infernuko errekak haitz batean zulatutako kobazulo itzel bat aurki dezakete. Antza denez, aipatu kobazulo horretan, sorginek bere erritualak burutzen zituzten. Kobazuloaren ondoan, zelai zabal bat aurkitzen da, eta bertan, oraindik ere, aker bat ikus daiteke. Hortik, hots, aker eta larre hitzen baturatik, sorginen bilera adierazteko mundu osoan erabiltzen den akelarre euskal hitza sortu zen.
Erdi Aroko testuingurua
Duela laurehun urte jazotakoa ulertu ahal izateko, erdi aroan zen testuingurunea ulertu beharra dago. Garai horretan, kristautasuna zen nagusi gure ingurunean, eta Inkisizioak nagusi zen pentsamenduarekin bat egiten ez zuten ideia guztien jazarpena egiten zuen.
Aker eta larre hitzen batuketatik, sorginen bilera adierazteko mundu osoan erabiltzen den akelarre euskal hitza sortu zen
Zugarramurdi, mugatik gertu kokatuta egonik, eta Donejakue bidearen eragina zela eta, frankoen eragina zuen herria zen. Bestalde, kontuan hartzekoa da kristautasunaren ezarpena baino lehen euskal mitologiak bertakoengan zuen eragina. Hori guztia zela eta, Zugarramurdin kristautasunak inposatzen zuen ildotik desbideratzen ziren praktikak burutzen omen ziren, eta hori dela eta, bertako biztanleek larrutik ordaindu zuten.
Maria Ximilegi
Gauza guztietan bezala, beti dago prozesua martxan jartzen duen lehen txinparta bat. Zugarramurdin bertan den sorginen museoan ikus daitekeen bezala, lehen txinparta hori piztu omen zuena Maria Ximilegi izeneko emakume bat dugu. Emakume hori, Frantzian jaioa eta Zugarramurdin hazia, bere aitarekin Frantziara itzultzean, emakume batek konbentzitu zuen Zugarramurdin burutzen omen ziren akelarre horietako batean parte hartzeko. Urte eta erdi beranduago, Ximilegi gaixorik jarri eta elizara otoitz egitera joan zen horrek sendatzen lagunduko zuelakoan. Bertan, akelarreetan parte hartzeaz damutu eta jai horietan jazotzen zena salatu zuen. Horrek guztiak martxan jarri zuen Inkisizioak Zugarramurdi eta inguruneko biztanleen kontrako prozesua.
Jazoera horien guztien inguruan egindako ikerketak egun Logroñoko Prozesua izenarekin ezagutzen den epaiketan amaitu ziren. Epaiketa hori 1610. urtean burutu zen eta bere momentuan, Espainian Erdi Aroan emandako autofede ezagunena izan zen. Esan bezala, epaiketa horretan Inkisizioak hainbat pertsona auzipetu zituen, gehienak, Zugarramurdi eta ingurukoak. Guztira, herri horretako 53 pertsona auzipetuak izan ziren eta 12 ‘sorginek’ sutan hiltzeko zigorra jaso zuten. 12 emakume erre zituzten, haietako bost sinbolikoki, galdeketetako torturapean hil baitzituzten.
Miguel de Goyburu, Graciana de Barrenechea, Martín Vizcar, Juan de Echalar, María de Echaleco, María de Yurretegia, Maria Chipia eta Maria de Zozoya besteak beste, auzipeturik izan ziren.
Epaileak
Prozesu honetako epaileak Juan del Valle Alvarado, Alonso Becerra Olguin eta Alonso de Salazar y Frías izan ziren. Sorginen jarraipenaren inguruan aztertu duten hainbat ikerlarik Menéndez y Pelayo, Julio Caro Baroja, Jose Miguel Barandiaran, Vicente Palacio Atard edo K. Baschwitz izan dira eta gutxi gorabehera bat datoz del Valle Alvarado eta Becerra Olguin epaileak Salazar y Frías epailea baino askoz irmoagoak zirela.
Honen ildoa jarraituz, aztertzaileen arabera, Salazar y Frías epaileak ez zuen uste akelarreak hainbesterainoko zirenik eta sorginen gainean esaten zen guztia ez zuen sinisten. Bera Inkisizioaren Auzitegi Gorenak aginduta, Zugarramurdiko inguruak miatu behar izan zituen eta 420 (beste zenbait txostenek 1.812 pertsona aipatzen dute) pertsona inkestatu zituen. Gainera, behingoan jakin izan zuen akelarrea emango zela eta topalekua ez zen ospatu.
Eskualdeko zoko guztiak miatu ondoren, txosten bat idatzi zuen, 1614. urtean argitaratu zena. Bertan Zugarramurdin gertatzen zena baieztatzeko frogarik ez zegoela esaten zen eta epaileak ez zutela sorginen kontuetan botererik, baizik eta Inkisizioaren Auzitegi Gorenak zuela boterea.
Jazoera hori urtero gogoratzen da abuztuaren 18an Zugarramurdiren herriko jaietan. Egun horretan zikiro-jate eguna da eta ohikoa da arkumea jatea adar-aldaxkatan errea.
Aurten, prozesuaren 400 urteurrena ospatzen da eta dagoeneko, Logroño eta Zugarramurdik bakeak egin dituzte. Hori bai, gertaera ahaztea zaila izango da batez ere oraindik sorgindurik dagoen herri batentzat.
De Lancre
Euskal Herrian sorginei estuki lotuta dafoen beste izen propio bat, zoritxarrez, Pierre de Lancrerena dugu. De Lancre epaile zibila dugu, eta 1609an Donibane Lohitzunera bidalia izan zen, Henrike IV.a erregearen izenean, “herrialdea deabruaren inperioaren menpe diren sorgin guztietaz garbitzeko”. Lancreren familia eskualdekoa zen, eta garai horretan, eskualdean nobleen arteko tira bira nabariak ziren. Eskualdeko gizon gehienak, arrantzaleak izanik, Ternua inguruan zirelarik profitatuz, De Lancrek bertako emakumeen kontrako prozesu itzel bat zabaldu zuen, hauek sorginak zirelakoan.
Senperen den gaztelua gotorlekutzat hartuta, Pierre de Lancrek 200 pertsonen exekuzioa agindu zuen. Hauek guztiak torturapean hil ziren, gehienak emakumeak, baina baita emeak eta apaizak ere.
Arratza sasoia amaituta marinel eta arrantzaleak Ternuatik bueltatzen hasi zirenean, hauek jazotakoa ikusi eta matxinatzen hasi ziren. Hori ikusita, Bordeleko agintariek De Lancre kargutik egotzi zuten, horrela bertakoen animoak baretuko zutelakoan. 1612an, erregearen aholkulari eta Estatuko Batzordeko kide izendatu zuten.
De Lancrek ez zuen ezertan ulertu nahi izan lapurtarren izaera. Bertako erakunde, hizkuntza, ohiturak, lan-molde eta abarretan Deabruaren ukitua besterik ez zuen ikusten. Zera idatzi zuen, adibidez: ”Hizkuntza arraro eta ezezagun batean mintzatzen dira; horixe da lehen seinale txarra”.