Gaztea Irratiak jada 20 urte bete ditu, zein balantze egin daiteke?
Oso positiboa. Hogei urte hauetan heldutasuna lortu dugu, ez bakarrik produktu aldetik baita entzuleen aldetik ere. Entzule fidelak izatea lortu dugu eta gaur egun, azken estatistiken arabera, ia 100.000 entzule ditugu. Puntako musika irratien ligan lehen mailan gaude. Beraz, oso balantze positiboa egin daitekela uste dut, are gehiago aintzat hartuta euskal komunikabidea izanik, erderazkoak adina edo, zenbait kasutan, emaitzak hobeak izan ditugula.
Zein uste duzu izan dela katearen bilakaerarik nabarmenena?
Nik bi urte daramatzat eta produktua kanpotik ezagutzen nuen. Gazteak musikaren kasuan egunean eguneko jartzen jakin du eta aldaketa horietara moldatzen asmatu du. Orain dela 20 urte, Gaztea ‘Aitormena’ kantuarekin hasi zen eta ondoren asmatu dugu produktu on bat eskaintzen, gure partikularidadea ondo zaintzen, eta batez ere, entzulearekin zuzen zuzeneko harremana mantentzen. Hiru zurtoin horiek ondo sendotu ditu Gazteak-ek eta horregatik gaur egun izan dugu hain entzule kopuru handia esan daiteke.
Edurne Ormazabalekin emandako pausoak jarraitu al dituzue?
Nik hainbat urte telebistan eman ditut. Edurneren taldearen gehiengoak gaur egun jarraitzen du eta haiek egindako lanak markatutako ildoa jarraitzen da. Hala ere, orain dela bospasei urte aldaketa sakona egin zuten. Entzuleei zer motatako musika gustatzen zitzaien ikusten hasi ziren. Urtebete baino gehiago eraman zuen hausnarketa potentea egin zen jendeak zer nahi zuen aztertzeko. Ni sartu nintzenerako lan hori egina zegoen. Edurnek Gaztea utzi zuenean, zer musika estilo ezarri eta abar markatuta zegoen. Nik telebistan ikasitakoak irratian aplikatu egin dut; esaterako, azpiegiturak sendotzearena: produktore baten beharra, errealizazioaren garrantzia, bateratasun musikala.
Bestalde, orain dela bi urte, ETB3 hasi gabe zegoen eta web gunea beste bide batetik zihoan, ez baitzuen zer ikusirik zuzenak Gaztea emisorakoarekin. Orain dela urtebete, biak martxan jarri ziren eta ETB3n presentzia handia dugu bideo-klipak eta gazte programekin. Egitasmoak sendotu egin ditugu eta orain ez dago bakarrik Gaztea katea, Gaztea taldea bezala funtzionatzen dugu eta koordinazio lan potentea egiten dugu. Horrek dibertsifikazioa ematen digu musika eskaintzeko orduan, bai bertako taldeak, bai kanpokoak ere eskaintzeko.
ETB3 eta webgunea aipatzen dituzu. Hauek Gaztea katearekin harremanetan eratzearen helburuak zeintzuk izan ziren?
EITB taldeak aspalditik zuen egitasmoa zen. Hor, bai ETB3ren kasuan eta bai gaztea.com-en kasuan, EITB taldeak oso argi eduki du beti guk landu beharreko zerbait zela. Gaztea emisorak presentzia nominala du, horrela deitzen delako, eta ETB3n eta web-ean target hori saldu nahi dugu. Gure helburua entretenimendua eta musika ona euskaraz eskaintzea da eta batez ere euskal komunikabidea garen neurrian, jendeak jakin dezala, katxondeoa, musika ona, dibertsioa, aisialdia eta abarrekoak euskaraz ere ondo egin daitezkeela.
Zein da hainbeste gazte entzule izateko sekretua? Zer eskaintzen duzue besteek eskaintzen ez dutena?
Ni gaztea nintzenean, irratia eredugarria zen eta bertan jartzen zena entzuten zen. Gaur egun, berriz, guk arreta handia jartzen dugu gazteek zer entzuten dutenari gero hori ezartzeko eta bidea interneten markatzen dugu. Zer tendentzia datozen, mugikorretan zer politono jaisten diren eta zer entzuten den ikusten dugu.
Irratiaren papera aldatu egin da. Haiek ematen diguten bide hori jaso eta eskaintzen dugu. Beste irrati formulak aipatu dituzu. Gure kasuan bestelako sorta eskaintzen dugu. Globalitatea oso garrantzitsua da, baina baita lokalitatea ere. Zentzu horretan euskarazko musikaren %20 eta bertako taldeen %35 eskaintzen dugu 9tatik 9tara formula orduan. Gero magazin lokalak ditugu eta bertako taldeentzako Maketa lehiaketak antolatzen ditugu. Azken batean, produktu on bat eskaintzen dugu, baina propioa. Hori da gakoa.
Bigarren gakoa da bertako kontzertuen berri ematea. Lokalitatea lantzen ez gaitu irabaziko ez Madrilen erabakitzen den irrati formula batek edo nazioarteko edukinak dituen irrati formula batek. Eta hirugarren puntua entzuleekin ezartzen dugu. Azkeneko urte hauetan lan berezia egin dugu sare sozialetan programak lantzeko. Guk harreman zuzena dugu entzuleekin. Horrelakoak ezin dituzte eskaini irrati orokorrak edo diskografika handien morroi direnak, guk nahiko liberalak gara horretan.
Zenbaitetan publiko orotara zuzendutako irratia egin nahi duzuela adierazi duzue. Ez da gauza erraza izango ezta?
Ezinezkoa da dena hartzea. Guztientzako irratsaio bat egin nahi dugu bai, baina saiatzen gara espezializatzen gara eta beste kontenedoreetan beste kontenedore batzuk sartzen. Denetatik jorratzen dugu baina zenbait estilo seguraski ez dituzu entzungo goizeko hamaiketan baina entzungo dituzu edo ikusiko dituzu zuzenean telebistan. Estrategikoki jokatu egiten dugu.
Etorkizunerako zein erronka dituzue?
Benetan zaila daukagu etorkizuna, oso emaitza onak izan ditugu bai 2009an eta baita aurten ere historikoki Komunitate Erkidegoan eta Nafarroan eta inguruneko herrialdeak aintzat hartuta 100.000 entzule inguru ditugulako. Gipuzkoan lidergoa askotan lortu dugu baina Euskal Herria mailan ez da beti horrela izan. Zailagoa da zenbakiak mantentzea lortzea baino. Horregatik entzuleak fidelizatzea bilatzen dugu. Eta horretarako beti erne ibili behar dugu, ezin gara lokartu eta eskaini produktu bera bi urtez jarraian. Kontutan hartu behar da zein da datorren tendentzia. Adibidez aurten oso apustu berezia egin dugu ‘dance’ musikaren alde eta badakigu ez zaiola jende guztiari gustatzen baina konsziente gara jasotzen dugun feedback horrek adierazten digu jende askok orain eskatzen duela hori.
20. urteurrena dela eta, zerbait berezia antolatu al duzue?
Krisialdia dela eta, 20. urteurrena kontraesan une batean harrapatu gaitu. Baina inoiz baino sendoago hartu gaitu. Oraindik negoziazioan dagoen errekopilatorio bat egingo dugu, eta bertan, urte hauetan aztoratu eta hunkitu gaituzten baladak jasoko ditugu. Pieza berriak ere egongo dira. Horien artean adibidez, Barricadak ‘Mañana será igual’ abestia euskaraturik aurkeztuko digu. Beste pare bat taldek euskal baladen bertsio desberdinak aurkeztuko dituzte. Eta gero kontzerturen bat ala beste antolatuko dugu. Hemendik urte bukaerara egongo dira txunditze desberdinak.