Unicef-ek emandako datuen arabera, mundu osoan, 5 eta 14 urte bitarteko 168 milioi haur lanean ari dira. Datu hori aintzat hartzen bada, aipatu adin tarte horretako sei umeetatik bat lanean arituko litzateke. Kasu gehienak Afrikan (69 milioi inguru) eta Asian (44 milioi) ematen dira. Kasu gehienetan, haur horiek guztiek oso baldintza kaxkarretan egiten dute lan eta, noski, lanean aritzen diren haurrek ez dute eskolara joateko aukerarik.
Amnesty International eta Afrewatch erakundeek telefono adimentsuek erabiltzen dituzten bateriak ekoizteko beharrezkoa den kobaltoa lortzeko, sarritan, haur-laneskua erabiltzen dela salatu dute. ‘This is what we die for: Human Rights abuses in Democratic Republic of Congo power the global trade in cobalt’ izenburua duen eta berriki ezagutzera eman den txostenaren arabera, gailu elektronikoak ekoizten dituzten konpainia garrantzitsuenek (Apple, Samsung edo Sony, besteak beste) edota automobilgintzako beste hainbestek, ez dituzte erabiltzen duten kobaltoa lortzeko haur-laneskua erabili ez dela bermatzeko beharrezkoak liratekeen gutxienezko egiaztapenak egiten.
Aipatu erakundeek azaltzen dutenez, telefono adimentsuek erabiltzen dituzten baterien ekoizpenerako ezinbestekoa den kobalto gehiena Kongoko Errepublika Demokratikoan kokatuta dauden meatzetatik ateratzen da eta, horietan, haurrak ere lanean aritzen ohi dira. Hainbat kasutan, zazpi urteko mutikoak ere lanean aritzen direla egiaztatu ahal izan dute. Kongoko Errepublika Demokratikoak munduan saltzen den kobaltoaren %50 ekoizten du eta kasu gehienetan, minerala artisau-meatzetatik ateratzen da.
Atzerriko enpresak
AI-k eta Afrewatchek azaldu dutenez, Kongoko Errepublika Demokratikoan haur-laneskua oso zabalduta dago. Kobaltoarena da herrialde horrek duen diru-iturri nagusienetako bat. Mineral horren ekoizpena Congo Dongfang Mining enpresak kontrolatzen du. Enpresa hau, berriz, Zhejiang Huayou Cobalt Ltd enpresa txinatarraren esku dago.
Kongo Errepublika Demokratikotik gure telefonoetara doan bidea nahikoa korapilatsua da. AI-ren txostenaren arabera, produkzioa kontrolatzen duten bi enpresa horiek minerala prozesatzen dute hau saldu aurretik. Egindako ikerketen arabera, hiru dira, nagusiki, prozesatutako mineral hau erosten duten enpresak, bi txinatar eta bestea Hego Koreakoa: Ningbo Shanshan, Tianjin Bamo eta L&F Materials, hurrenez hurren. 2013an, Huayou Cobaltek laurogeita hamar milioi dolar fakturatu zien hiru enpresa horiei. Hauek, bere aldetik, bateriak ekoizten dituzten enpresei saltzen diete kobaltoa. Amnisty International erakundea bateriak ekoizten dituzten enpresa horietako batzuekin jarri da harremanetan erosten duten mineralaren jatorriari buruz galdetzeko. Kasu gehienetan, ez dute horren berri.
Gezurra badirudi ere, munduko enpresa garrantzitsuenek ez dute erabiltzen dituzten osagaietarako beharrezkoa duten lehengaien jatorriari buruz inolako azalpenik eman behar.
Imajina daitekeen moduan, Kongoko meatzetan oso baldintza kaxkarretan lan egiten da eta, esan bezala, gainera, haur-laneskua ere erabiltzen ohi da. Bertan izaten den heriotza-tasa oso altua izaten da (pasa den urtean gutxienez 80 meatzari hil ziren lanpostuan bertan) eta gaixotasun larriak izateko aukera handiak ere izaten dira. Izan ere, meatzari gehienek kobaltoa inolako babesik gabe maneiatzen dute. Langileak baino esklaboak direla salatzen du AI-k.
Haurren kasuan, AI-k jakin ahal izan duenez, 12 orduko lanaldiak egin behar izaten dituzte. Horren truke, bi dolar jasotzen dituzte egun bakoitzeko. Unicefek egindako kalkuluen arabera, 40 000 haur inguru izan daitezke meatze horietan lan egiten.