Lau elementu berri taula periodikoan

Japoniako, Errusiako eta Estatu Batuetako zientzialariek taula periodikoa osatuko duten lau elementu kimiko super-pisutsu berri ‘aurkitu’ dituzte. Elementu horiek, momentuz, ez dute izenik baina 113, 115, 117 eta 118 zenbaki atomikoa dute. Taula periodikoan sartu ziren azken bi elementuak 114 eta 116 izan ziren, duela bost urte, hain zuzen ere.

Aipatu lau elementuak Kimika Huts eta Aplikaturako Nazioarteko Batasunak (IUPAC) onartu zituen ofizialki pasa den abenduaren 30ean. Izan ere, Estatu Batuetan egoitza duen erakunde horri dagokio nomenklatura kimikoa eta bere terminologia eta neurketa zehaztea. Esan bezala, lau elementu horiek ez dute behin betiko izenik, baina bitartean, sinbolo eta izen hauekin ezagutuko dira:

  • Uut sinboloa eta Ununtrium izena 113 elementurako
  • Uup eta Ununpentium 115 elementurako
  • Uus eta Ununseptium 117 elementurako
  • Uuo eta Unumoctium 118 elementurako

Elementu berri horiek guztiak zientzialariek sortuak dira, hots, ez dira naturan aurkitzen; laborategian sortuak dira

Errusiako Dubna Joint Institute for Nuclear Research-eko eta Kaliforniako Lawrence Livermore National Laboratoryko zientzialariek 115, 117 eta 118 elementuen aurkikuntza aldarrikatzeko probak aurkeztu dituzte. 113 elementuaren aurkikuntza, aldiz, Japoniako Riken Institutuko zientzialariena izan da. Aurkitzaileen ardura izango da elementu bakoitzari izena jartzea.

Elementu berri horiek guztiak zientzialariek sortuak dira, hots, ez dira naturan aurkitzen; laborategian sortuak dira. Lau elementu berri horiek oso erradioaktiboak dira eta bere bizitza oso laburra omen da, zenbait kasutan milisegundotakoa. Hori dela eta, oso zaila da elementu berri horiek behar bezala ikertzea. 115 Elementua, adibidez, mikrosegundo bakan batzuetako bizitza du.

118 elementua da, orain arte, ezagutzen diren elementuen artean masa atomiko handiena duen elementua eta presio eta tenperatura baldintza normaletan solidoa da. Bere atomoa oso ezegonkorra da eta, horregatik, elementu horren ikerketa ere oso konplexua da.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.