Zer da pobrezia menstruala?
Pobrezia menstrualari buruz hitz egiten dugunean hilekoaren kudeaketarako diren produktu ezberdinak erosteko izan daitezkeen zailtasun ekonomikoak dira burura etortzen zaigun lehenengo gauza. Hala ere, pobrezia menstrualak bestelako alderdiak ere baditu, hala nola, produktuaren aldaketa egin ahal izateko instalazio garbiak, seguruak eta prestatuak aurkitzeko zailtasunak edo menstruazioaren inguruko informazioa eta formakuntza jasotzeko.
Oso erreferentzia gutxi daude, bai Estatuan, zein nazioarte mailan. Azken finean fenomeno berri baten aurrean gaudela esan daiteke; duela oso gutxi hasi gara gai horren inguruan hitz egiten. Alde horretatik, gure azterketa aitzindaria da Euskadin, lehenengo aldia baita gai hori aztertzen dela.
Ikerketan azaltzen duzuenez, emakume batek bere ziklo ugalkorrean zehar, batez beste, 2.000 eta 5.000 euro inguru gastatuko lituzke hilekorako higiene produktuetan. Printzipioz ez dirudi oso kopurua handia…
Tira, agian ez da oso kopuru handia, baina baliabide ekonomiko txikiagoak dituzten familien kasuan edo zaurgarritasun egoeran aurkitzen diren horietan kopuru horiek garrantzitsuak izan daitezke. Gainera, kontuan izan behar da horrelako familietan emakume bat baino gehiago izan daitezkeela.
Kontua da menstruazioak gastu gehigarri bat eskatzen digula emakumeoi. Behar adina baliabide ez daudenean emakume askok hain gustuko ez dituzten produktuak erostera behartuta aurkitzen dira, merkeagoak direlako. Horrek emakume horien bizi-kalitatean eragin negatiboa du. Aldi berean, sarritan, higiene produktu horien erabilera luzatu behar izaten da, horrek izan ditzakeen ondorioekin, bai bizi-kalitatean bai osasunean.
Ikusi ahal izan dugunez, menstruaziorako higine produktuak erosi behar izatea beste erosketa batzuk baztertzea eskatzen du.
Ikerlanaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan zenbat lirateke menstruaziorako higiene produktuak erosteko zailtasun ekonomikoak dituzten emakumeak?
Pobrezia menstrualak zenbat emakumeri eragiten dien kalkulatu duen ikerlan bakarra Bartzelonan egin den bat da. Guk egin duguna da ikerlan horretan jasotzen diren ehunekoak gurera ekarri. Bertan azaltzen denez, bost emakumetatik batek horrelako produktuak erosteko zailtasun ekonomikoak izan ditu noizbait. Hortaz, Euskadiren kasuan, 105.000 emakume inguru izango lirateke horrelako arazoren bat izan dutenak. Bestalde, arazo ekonomikoengatik bere burua produktu merkeagoak erostera behartuta ikusi duten emakumeen kopurua altuagoa izango litzateke, 180.000 inguru. Puntu honetan garrantzitsua da beharraren alderdia azpimarratzea. Garbi dago emakume batek produktu merkeago bat erostea erabaki dezakeela hala nahi duelako. Arazoa sortzen da erosketa hori halabeharrez egiten denean beste egoera batean bestelako produktu baten alde egingo zenean. Txostenean jaso dugun bezala, emakume askok gustuko ez dituzten (erosotasunagatik, usainagatik…) produktuak erosi behar izaten dituzte baliabide faltagatik. Baina horietara jotzen dute merkeagoak direlako eta ez dutelako garestiagoak diren horiek erosteko baliabide nahikorik, nahiz eta azken horiekin gusturago egon.
Zeintzuk lirateke, beraz, pobrezia menstrualaren ondorioak?
Alderdi ekonomikoari erreparatzen badiogu, pobrezia menstrualak bi ondorio nagusi ditu. Alde batetik, orain azaldu dudan moduan, benetan nahi ez diren produktuak erostera behartzen du eta horrek zuzeneko eragina du emakumeon bizi-kalitatean. Bestalde, hainbat kasutan, higiene produktuen erabilera gomendagarria dena baino gehiago luzatu behar izaten da. Horrek infekzioak bezalako osasun arazoak eragin ditzake eta, zenbait kasutan, arazo larriagoak. Kasurik larrienetan, hainbat emakumek menstruaziorako espezifikoak ez diren produktuak erabili behar izaten dituzte, hala nola, toallatxoak, paper-zapiak… Aukera horiek erabiliz, hileko higienerako produktuen gastua murrizten da, horiek erabiltzeko beharra murrizten baita.
Hilekoak esparru publikora eramaten ez den gai bat izaten jarraitzen du; ez da normaltasunez edo naturaltasunez eramaten esparru publikora. Emakumeon esparru pribatura mugatzen den gai bat izaten jarraitzen du.
Baina pobrezia menstruala ez da soilik erosteko ahalmenera mugatzen. Adibidez, komun eta zerbitzuetarako irisgarritasunean, hilekoa dugun emakumeok behar bezala hornituta ez dauden bainuak erabili behar izan ditugu produktua baldintza onetan aldatzeko: komuneko paperik ez izatea, uretarako sarbiderik ez izatea, atea ixteko kisketarik ez izatea. Baldintza horiek aldatzea oso zaila da.
Baina kasu horretan aldagai ekonomikoa ez litzateke hain garrantzitsua izango…
Bai noski. Argi utzi behar da pobrezia menstruala ez dela soilik zaurgarritasun egoeran dauden edo baliabide ekonomiko urriagoak dituzten emakumeei eragiten. Neurri handiagoan edo txikiagoan, emakume guztiok pairatzen dugu pobrezia menstruala.
Zoritxarrez, oraindik ere, hilekoaren inguruan hainbat mito eta amen-omen daude. Nolabait, normalizatu gabe dagoen gai bat izaten jarraitzen du eta ez da konfiantza osoz hitz egiten horren inguruan.
Alderdi ekonomikoak, noski, modu nabariagoan eragiten die baliabide gutxiago dituzten emakumeei, baina behar bezala ekipatutako instalazioen erabileran edo hezkuntza menstrualaren kasuan, faktore ekonomikoa ez da hain erabakigarria, eta emakume guztioi eragiten digu. Zoritxarrez, oraindik ere, hilekoaren inguruan hainbat mito eta amen-omen daude. Nolabait, normalizatu gabe dagoen gai bat izaten jarraitzen du eta ez da konfiantza osoz hitz egiten horren inguruan.
Belaunaldi gazteek aurrekoek baino informazio gehiago al dute gai horren inguruan?
Nire ustez, uste dugu benetan dutena baino informazio gehiago dutela. Gure amonekin alderatuta seguru informazio gehiago dugula. Baina gai hau ez da uste duguna bezain beste ezagutzera ematen. Hilekoak esparru publikora eramaten ez den gai bat izaten jarraitzen du; ez da normaltasunez edo naturaltasunez eramaten esparru publikora. Emakumeon esparru pribatura mugatzen den gai bat izaten jarraitzen du.
Burutu duzuen ikerketa, negusiki, zaurgarritasun egoeran aurkitzen diren emakumeetan ardaztu da…
Bai, hala da. Ikerketa burutzeko lan egin dugun emakumeak zaurgarritasun egoeran aurkitzen diren emakumeak dira; kasu gehienetan, immigranteak eta lan-prekarietatea pairatzen dutenak. Jakina, horrelako profiletan pobrezia menstruala nabariagoa da. Hala, emakume horien kasuan, hamarretik seik diote zailtasun ekonomikoak izan dituztela hilekoaren higienerako produktuak erosteko. Eta ehuneko hori are handiagoa da halabeharrez produktu merkeagoak aukeratu behar izan dituztela onartzen duten emakumeen kasuan.
Nola eragin du pandemiak arazo honetan?
Ikerketan zuzenean galdetu dugu horren inguruan. Ikusi ahal izan dugunez, pandemiak modu negatiboan eragin du bai alderdi ekonomikoan bai instalazioen erabileran. Alderdi ekonomikoari dagokionez, aztertu ditugun emakumeen kasuan, haien lan-baldintzek okerrera egin dute. Instalazioen kasuan, ez dugu ahaztu behar horietako asko itxita egon direla pandemiagatik ezarritako murrizketen ondorioz eta, horrenbestez, horien erabilera mugatua izan da.
Zeintzuk lirateke, zure ustez, pobrezia menstruala arintzeko hartu behar diren neurriak?
Ikerketan zenbait gomendio jaso ditugu. Arlo ekonomikoari dagokionez, adibidez, neurririk argiena hilekorako produktuen BEZa % 4ra murriztea edo kentzea izango litzateke, gaur egun % 10eko karga baitu. Era berean, gomendatzen dugu horrelako produktuak doan ematea hezkuntza-guneetan, anbulatorioetan edo zaurgarritasun-egoeran dauden emakumeekin lan egiten den zentroetan.
Hezkuntzaren ikuspegitik, ikastetxeetan gai honen hezkuntzaren aldeko apustua egitea gomendatzen dugu, neskei zein mutilei zuzendua. Hilekoa zer den azaltzen duen hezkuntza. Era berean, Interesgarria litzateke emakumeen eskura dauden produktuen berri ematea. Uste baino askoz produktu gehiago daude, eta horietako asko ez dira erabiltzen, emakume askok ez dutelako horien berri.