Emakumeek, bizitzan zehar, 3.000 egun inguru ematen dituzte hilekoarekin, hots, 8 urte inguru. Egun horietan behar bezalako higienea mantentzeko ezinbestekoa da zenbait produkturen erabilera: tanpoiak, konpresak… Baina horiek ez daude beti emakume guztien eskura. Arazo hori larriagotu egin da bereziki emakumeak kaltetu dituen pandemiaren ondorioz, desparekotasunak handitu direlako.
Pobrezia menstruala ez da garapen bidean bizi diren emakumeei bakarrik eragiten. Gure artean ere ematen da. Euskadin 100.000 emakumek baino gehiagok zailtasun ekonomikoak izan dituzte beren bizitzako uneren batean hilekoaren produktuen gastuari aurre egiteko. Hori da, hain zuzen ere, “Pobrezia eta higiene menstrualari buruzko azterlana EAEn” txostenean jasotzen diren datuak. Aipatu txostena Emakundek eta EDE Fundazioak elkarlanean egin dute.
Pobrezia menstruala
Pobrezia menstruala ez da soilik gaitasun ekonomikoaren baitan dagoen arazoa. Zerikusia du hilekorako higiene-produktuak eskuratzeko aukera faltarekin edo zailtasunarekin. Eta baita produktu horien erabilerarako leku egokiak izatearekin ere: oinarrizko saneamendu-zerbitzuak… Horrez gain, pobrezia menstrualak badu hirugarren zutabe bat: hileko zikloari eta hori kudeatzeko dauden baliabideei buruzko hezkuntza eskasa.
Hortaz, pobrezia menstruala emakume guztiei eragiten dien arazoa da. Izan ere, emakume guztiek bizitza ugalkorreko hilabete guztietan egin behar diote aurre hilekoaren kudeaketari. Pobrezia menstrualean eragiten duen alderdi bakarra ez den arren, garbi dago gaitasun ekonomikoak eragin handia duen faktorea dela. Horrela, zaurgarritasun edo pobrezia arriskuan bizi diren emakumeek modu berezian pairatzen duten arazo baten aurrean gaude. Euskadin, emakumeen % 8,6 izango lirateke. Talde horren barruan sartuko lirateke, besteak beste: etxerik gabeko emakumeak; migratuak; prostituzio-egoeran daudenak; indarkeria matxistatik bizirik atera diren biktimak; presoak; ezkutuko ekonomian lan egiten dutenak; guraso bakarreko etxeen buru direnak; ezgaitasunen bat dutenak; buru-osasuneko arazoak dituztenak edo krisi humanitarioetan daudenak.
Gainera, emakumeei ez ezik, genero-identitate ezberdinak dituzten pertsonei ere eragiten dien arazoa da: gizon transgeneroak eta identitate ez-bitarra duten pertsonak.
Batez besteko gastua
Hilekoaren kudeaketarako egin behar den batez besteko gastua oso aldakorra da. Kontuan hartu beharreko aldagaiak emakume bakoitzak erabiltzen duen higiene-metodoa, odol-galtze kantitatea eta zikloaren iraupena dira. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundearen (OCU) kalkuluen arabera, hilekoaren higieneko produktuen batez besteko gastua, urtean, 50 eurokoa izan daiteke. Bere bizitza ugalkor osoan zehar odol-galtze ugaria duen emakume batek 2.000 euro baino gehiago gastatu ditzake higiene menstrualeko produktuetan. Kopuru hori emakume batek bere bizitza ugalkorrean zehar gastatu behar izango duen dirua da. Kontuan izan behar da, batez beste, lehen hilekoa 12 urterekin izaten dela eta menopausia, berriz, 50 urte ingururekin. 40 urtetan diru asko gastatu ahal da.
OCUk azaltzen duenez, konpresak erabiltzen dituen emakume batek, urtean, batez beste, 13 eta 59 euro bitartean gastatu behar izango ditu. Tanpoiak erabiltzen dituzten horiek, berriz, 11,50 eta 54 euro bitartean. Hain ezagunak ez diren kulero menstrualen kasuan, urteko gastua 20 eta 53 euro bitartekoa izan daiteke. Aukeran diren produktu ezagunenen artean kopa menstruala litzateke aukerarik jasangarriena eta merkeena. Produktu horren batez besteko gastua 5,04 eurokoa da urtean eta bost urtetara berritu behar izaten dira.
Hondakinen prebentziorako eta kontsumo arduratsurako Rezero Fundazioaren arabera, menstruazioren kudeaketarako behin erabiltzeko produktuen batez besteko gastua, urtean, 21 eta 125 euro bitartekoa da.
Ildo berean, FACUA-Consumidores en Acción erakundeak egindako azterlan baten arabera, ezaugarri bereko konpresa-pakete baten prezioa % 400 ere alda daiteke, markaren edo merkaturatzen den establezimenduaren arabera. Tanpoien kasuan, alde maximoa % 185,3koa litzateke.
Zailtasun ekonomikoak
Jordi Gol i Gurina Lehen Mailako Arretako Ikerketarako Unibertsitate Institutua Fundazioak iaz egin zuen “Equidad y salud menstrual” txostenean jasotako datuetan oinarrituta, “Pobrezia eta higiene menstrualari buruzko azterlana EAEn” txostenak ondorioztatu du Euskadin 105.000 emakume inguruk, beren bizitzaren uneren batean, hilekorako higiene produktuak erosteko zailtasun ekonomikoak izan dituztela.
Gainera, 188.00 emakumek baino gehiagok hilekorako produktu merkeagoak erosi behar izan dituzte, zailtasun ekonomikoek behartuta. Horrez gain, kontsultatutako emakumeen erdiek diote behar baino denbora luzeagoz erabili dituztela hilekorako produktuak, dirua aurreztu ahal izateko aurrezteko, eta % 51,3k hilekorako produktuak erosteari utzi behar izan dio beste gastu batzuei aurre egin ahal izateko: janaria, etxebizitzari lotutako gastuak…
Txostenean agerian geratu denez, hainbat emakumek hilekoa kudeatzeko metodo desegokietara eta antihigienikoetara jo behar izaten dute pobrezia menstruala dela eta: eskuoihalak, komuneko papera, pixoihalak… Produktu horien erabilerak edo hilekorako berariazko produktuen erabilera gomendagarria dena baino gehiago luzatzeak oso eragin kaltegarria izan dezake emakumeen bizi-kalitatean. Gernu- edo bagina-infekzioak bezalako osasun arazoez gain, praktika desegoki horiek ondorio emozional negatiboak, sexu-harreman mingarriak eta estigma soziala ere eragin dezakete.
Ekipamendu egokiak
Pobrezia menstruala nagusiki zailtasun ekonomikoekin lotzen bada ere, azaldu den moduan, instalazio egokien erabilerarekin ere badu harremana. Zentzu horretan, txostenak jasotzen duenez, ugaltzeko adinean dauden 349.108 emakumek behar baino denbora luzeagoz erabili behar izan dute hilekorako produktua, hilekoa behar bezala kudeatzeko lekurik aurkitu ez dutelako. Erabilera gomendagarria dena baino gehiago luzatzeak infekzioak edo tanpoiak luzaroan erabiltzearekin harremana duen shock toxikoaren sindromea bezalako gaixotasun batzuk izateko aukerak areagotzen ditu.
Txostenak agerian utzi duenez, emakumeek arazoak dituzte hilekoa duintasunez kudeatzeko modu egokian hornituta eta prestatuta dauden komun eta bainugela publikoak eskura izateko. Inkestatutako emakumeen % 77,5ek arazoak izan ditu hilekorako produktua aldatzeko, lekuak higiene-baldintzak betetzen ez zituelako, eta % 74,1ek duintasunez eta baldintza higienikoetan aldatzeko behar bezala hornitu edo prestatuta ez dauden komun publikoak erabili behar izan ditu.
Ildo berean, txostenak jaso duenez, 37.000 emakume inguruk normaltasunez onartzen dute hilekoak min handiak eragitea, eta 18.000 emakumek uste dute ez dela beharrezkoa hilekoak eragindako minen inguruan profesional bati aholku eskatzea. Zaurgarritasun egoeran bizi diren emakumeen kasuan egoera askoz larriagoa da. Horrela, egoera horretan aurkitzen diren emakumeen laurden batek ez du inoiz osasun-arloko profesionalengana jo (ginekologia, medikuntza, erizaintza…) ziklo menstrualaren inguruko kontsultaren bat egiteko.
Hezkuntza menstrualaren falta
Biztanleriaren ehuneko garrantzitsu batek, hainbat urtez, hilekoa duen arren, ezjakintasun handia dago hilekoaren zikloak emakumeen gorputzetan eta bizitzetan duen eraginaren inguruan.
Oraindik ere menstruazioa gai tabua da eta hainbat mito eta amen-omen daude horren inguruan. Ondorioz, naturala den fenomeno horren inguruan den informazioa eskasa da eta, hainbat kasutan, ebidentzia zientifikorik gabeko sinesmenetan oinarritua.
Emakunderen eta EDE Fundazioaren txostenak agerian utzi duenez, bertan parte hartu duten emakumeen ia erdia (% 47,9) ados azaldu da hilekoak aldartea txarrerako aldatzen duela baieztapenarekin. Laurden batek berriz, hilekoarekin sexu-harremanak ezin direla izan adierazi du.
Ildo berean, % 30ek uste dute hilekoarekin ezin zarela itsasoan edo igerilekuan bainatu, eta % 28,3k uste du hilekoa duzunean ezin zarela haurdun geratu. Gehien zalantzan jartzen diren uste okerrak dira hilekoarekin ezin duzula burua garbitu (% 10,8k sinetsi egiten du mito hori) eta maionesa moztu egiten dela (% 10,6).
Bada gai honen inguruan den hezkuntza falta agerian uzten duen datu kezkagarri bat: 272.700 emakume inguruk ez dute hilekoari buruzko hezkuntzarik jaso edo hezkuntza partziala jaso dute hilekoa lehendabizikoz eduki aurretik.
Adingabeak
Txostenean Jaume I. Unibertsitateko Nora Pascualek egindako Master Amaierako Lana aipatzen da. Pascualek eskola-adineko pobrezia menstruala aztertu du bere lanean eta jasotako datuen arabera, 10 eta 19 urte bitarteko emakumeen % 4,8k hilekoa lehendabizikoz izan aurretik, ez zekien hilekoa zer den eta % 38k oso informazio maila baxua zuen; hau da, neska gazteen ia % 40 lehen hilekora iristen da zehazki zer gertatzen ari zaien eta hori nola kudea dezaketen jakin gabe.
Normalean, gertuko emakumeak dira (amak, ahizpak, lagunak…) informazio hori ematen dutenak. Gizonak gai horretatik kanpo geratuko lirateke. Oso gutxi dira ikastetxean horrelako informazioa jaso dutela dioten emakumeak.
Azkenik, txostenak zenbait gomendio ematen ditu pobrezia menstrualaren eragina murrizteko; besteak beste, hileko produktuei aplikatutako BEZa ezabatzea edo gutxitzea, puntu estrategikoetan doan banatzea edo 24 orduz irekita dauden komunak eta zerbitzu publikoak mantentzea.