Sexu harremanak hilekoarekin?

Emakumeek hilerokoa duten bitartean sexu harremanak mantentzea ez du inolako arrisku gehigarririk suposatzen.

Sexualitatea gure bizitza osoan zehar azaltzen den berezko ezaugarri bat da. Adinaren baitan, sexualitatea, gure sexualitatea, modu batean edo bestean azalduko da. Sexualitatea ez da soilik norbanakoari edota bikoteari dagokion zerbait, izan ere, familiak, gizarteak edota erlijioak berak eragin zuzena dute. Hori dela eta, sexualitatearen inguruan hainbat mito eta tabu sortu dira. Horietako asko, hilerokoa duzunean sexu harremanak izatearen ingurukoak dira.

Sexu-harremanak, bai ala ez?

Hainbat adituk argi eta garbi adierazi dutenez, emakumeek hilerokoa duten bitartean sexu harremanak mantentzea ez du inolako arrisku gehigarririk suposatzen. Horrela, bikotearen erabakia izango da epe horretan harremanak izatea ala ez, printzipioz, hilerokoa ez dagoenean bezain atsegingarri baita.

Esan bezala, hamaika dira gai honen inguruan eraikitako tabuak: hilerokoa mingarriagoa egiten omen dela, sexu-transmisiozko gaixotasunak errazago hartzen omen direla, odolak gizonaren gernubidea traba dezakeela edota haurdun geratzeko arriskua dagoela.

Hilerokoa irauten duen bitartean asko dira sexu harremanak eteten dituzten emakumeak, batez ere zikina iruditzen zaielako eta odolaren usain txarra dela medio. Aitortu beharra dago, bestalde, hilerokoarekin hainbat emakumek arazo desberdinak pairatzen dituztela: nekea, buruko mina, likido-erretentzioa, kolikoak…