Kontsumobidek Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikasleei zuzendutako prestakuntza-proiektu bat abiarazi du. Egitasmo horren xedea da ikasleek kontsumitzaile-eskubideen ulermena eta ezagutza zabaltzea. Euskadin aitzindaria den ekimenak jada 87 inskripzio jaso ditu. Gazte horiek kontsumoarekin lotutako funtsezko tresnak eskuratu ahal izango dituzte haien emantzipazio-prozesua errazteko.
“Ba al zoaz etxetik? Bizirauteko oinarrizko kit-a” izena duen ikastaroak 25 orduko dedikazioa eskatzen du eta UPV/EHUrekin elkarlanean gauzatuko da. Helburu nagusia da, prestakuntza osatzean, parte-hartzaileak kontsumitzaile gisa dituzten eskubideak defendatzeko eta kontsumo arduratsua egiteko beharrezko ezagutzen eta trebetasunen jabe izatea.
Prestakuntza-programak zazpi gai jorratuko ditu: berritasunak kontsumoaren arloan (Kontsumobidek zugatik egin dezakeena); etxebizitzen alokairuarekin edo erosketarekin lotutako gaiak; etxeko ekonomian heztea; etxeko horniduren kudeaketa; produktuak erosi eta etiketatzeko jarraibideak; banku-eragiketa eta -zerbitzuei buruzko informazioa; eta kontsumo sozial eta ekologikoaren garrantzia. Astero, parte-hartzaileek arlo horietako batekin lotutako erronka bati egin behar izaten diote aurre, eta, gainditu ondoren, hurrengo astera aurrera egiten dute.
Prestakuntza UPV/EHUk eskaintzen dituen gradu eta graduondoko ikasle guztiei irekita dago. Online emango da, bertaratutakoei gai bakoitzerako esleitutako astearen barruan beren ikasketa-erritmoa ezartzeko aukera emanez. Gainera, tutoretza-zerbitzu bat ere eskainiko da sor daitekeen edozein zalantza edo kontsultari aurre egiteko.