Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak 2023-2024 aldian Bizkaiko hiriburuan martxan izango diren Enplegu Planak aurkeztu dituzte. Lanpostuak sortzea eta hiriko ekonomia eta ongizatea bultzatzea helburu duen aipatu programa urtero garatzen da.
2023/2024 aldian Bilborako diseinatutako enplegu-planek 547 lanpostu berri sortzea aurreikusten da, 11,4 milioi euroko aurrekontuarekin.
Enplegu-planak biztanleriaren talde espezifikoetara bideratuko dira. Langabezia orokortuari heltzeaz gain, programa eta pizgarri bereziak diseinatu dira emakumeak, gazteak, kalteberatasun-egoeran dauden eta lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonak kontratatzeko.
2023-2024rako programa horien alderdirik nabarmenetako bat “Lehen Lan Esperientzia” izeneko plan pilotua ezartzea da, unibertsitateko titulua edo erdi- edo goi-mailako lanbide-heziketako titulua duten 30 urtetik beherako gazteak kontratatzeko, ikasketak amaitu zituztenetik hiru urte igaro ez badira.
Beste berrikuntza garrantzitsu bat da prestakuntza, enplegu, orientazio eta laguntzako 4 proiektu berri gehitu eta finkatu direla. Horiek Bilboko auzo jakin batzuetan pertsona ahulenei zuzenduak: Untzeta Parrokoa (Santutxu), Torreurizar (Irala), Uretamendi eta Otxarkoaga. Azken hori kualifikazio txikia duten 30 urtetik beherako gazteentzat izango da.
Era berean, hiriko tokiko enpresentzako laguntzak handitu dira, pertsona gehiagorentzako kontratazioa errazteko eta kalitatezko enplegu egonkorra sortzeko.
Jarduteko bost ardatzak honako hauek dira:
enplegu-plana arrunta, udalaren eta tokiko enpresen kontratazioekin;
gazteentzako enplegu-plana; lehen lan esperientzia;
gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuak;
eta prestakuntza eta enpleguko plan bereziak.
Gazteak helburu
Gazteen Enplegu Plana plan berezi berria da, eta Bilbon gazteen langabezia etetea eta kolektibo horren enplegagarritasuna hobetzea du helburu. Langabezian dauden eta erdi-mailako edo goi-mailako titulazio akademikoa duten 16 urtetik gorako eta 30 urtetik beherakoei zuzenduta dago.
Parte hartu nahi duten pertsonek Lanbiden eta Gazte Bermeko Sisteman izena emanda egon beharko dute, haien enplegagarritasuna bultzatzeko neurri gisa, lan-esperientzia eskuratuz.
Oraingo honetan, zuzeneko 70 lanpostu berri sortuko dira, 12 hilabeteko lanaldi osoko kontratazioen bidez, toki-eremutik sustatuta eta Bilboko Udalak, udal-sailek eta udal-entitateek zuzenean eginda.
Kontratazio guztiak 2023ko azaroaren 30a baino lehen hasi beharko dira.
Planak hainbat lanbide-profil dituzten gazteak kontratatzea aurreikusten du, besteak beste, alor hauetan prestakuntza jaso dutenak: administrazioa, teknologia berriak, proiektuen kudeaketa, komunikazioa, giza baliabideak, web-proiektuak, arlo juridikoa, arkitektura, ingeniaritza, ekonomia, hezkuntza, kultura-programazioa, turismoaren sustapena, diseinua, marketina, hirigintza, ingurumena eta gizarte-lana.
Enplegu-plan arruntean bezala, eskaintzak zuzenean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez kudeatuko dira, eta horrek Bilbao Ekintza udal-sozietatera bideratuko ditu hautagaitzak.
Gazteen enplegua sustatzera zuzenean bideratutako beste ildo bat Lehen Lan Esperientzia programa da. Hori da 2023-2024 Planen berrikuntzetako bat, eta 30 urtetik beherakoen kontratazioa bultzatu nahi du, unibertsitate-titulazioa edo erdi-mailako edo goi-mailako lanbide-heziketa dutenak, ikasketak amaitu zituztenetik hiru urte baino gehiago igaro gabe. Programa honetan 37 pertsona sar daitezke guztira, eta udalak, sailek edo udal-erakundeek kontratatuko dituzte zuzenean.