Lorena Fernández: “Gazteek ez dute euren gurasoak dauden sareetan izan nahi”

Sare sozialak eta gazteak. Badirudi, helduen ikuspegitik, behintzat, arazoz josita dagoen esparru batean sartzen ari garela. Zergatik nagusitu da iritzi hori?

Lehenik eta behin, sare sozialen erabileran pertsona helduak ere nahiko ‘gazte’ edo ‘nerabe’ direla esango nuke. Oro har, guztiok nahikoa gauza arraro egiten ditugu gure esparru digitalean eta, hainbat kasutan, uste dut sen ona ere ez dugula erabiltzen. Sare sozialekin ematen den arazoa da, baina ez bakarrik gazteen artean, ez dugula garbi esparru hori zein arauen arabera zuzentzen den. Adibidez, erabiltzaile asko ez dira konturatzen zein puntutaraino heda daitezkeen euren mezuak. Beste arazo bat, adibidez, mezuaren iraunkortasuna izan daiteke: noiz arte izango dira ikusgai gure mezuak sarean?

Baina aipatzen duzun hori guztia, nagusiki, gazteok egiten dugun erabileran oinarritu da.

Kontua da, kasu gehienetan, gazte horien gurasoek ez dutela euren seme-alabek erabiltzen dituzten sare sozialen funtzionamendua ulertzen. Eta ondorioz, beldurraren diskurtsoa nagusitzen da. Hedabideetan, adibidez, gai horren inguruan izaten diren alderdi negatiboak azpimarratzeko joera izaten da. Modu partzialean jorratu izan den gaia dela uste dut.

Zeintzuk lirateke sare sozialek gazteen artean eragin ditzaketen arazorik handienak?

Nerabetasunean gure nortasuna eraikitzen dugu. Bada garai bat non gure gurasoen eragina oso handia den eta, bada beste bat, bereziki, nerabetasunetik aurrera, non eragina parekoen artekoa den. Sare sozialetan modan den hori errepikatzeko joera handia dago gazteen artean. Hor dugu, adibidez, sextingaren kasua. Printzipioz, nerabeek hori modan den zerbait delako egiten dute, baina ez, izenak ulertzera eman dezakeen bezala, kutsu erotiko edo sexual batengatik. Egia da sare sozialetan arriskuak ere badirela. Hor dugu, adibidez, groominga edo ziber-jazarpena. Azken horren kasuan, sare sozialekin batera jazarpen kasuen ondorioak areagotu egin direla ikusi da eta, ez hori bakarrik, gero eta zailagoa egiten da horiek antzematea.

Gazteek sare sozialak gehiegi erabiltzen dituztela esan ohi da.

Ez dut uste gehiegizko erabilera ematen dela esatea zuzena denik. Sozializatzeko eradua aldatu egin dela ulertu behar dugu. Lehen kalean sozializatzen zen eta orain, berriz, sarean. Edozein kasutan, zerbait positiboa edo negatiboa den zehazteko beti zein abiapuntu hartzen den erreferentziatzat hartu behar da kontuan. Historikoki, teknologiaren erabilera beti susmagarritzat jo da. Adibidez, inprenta azaldu zenean, kritika ugari izan ziren ordura arte nagusi zen ahozko transmisioa kolokan jarriko zuelakoan. Garbi dago Internet bezalako teknologia baten erabilerak, eta zehazki, sare sozialenak, ondorioak izango dituela, baina ez dut uste urduri jartzeko arrazoirik dagoenik. Sare sozialak egun gazteek sozializatzeko duten eredu garrantzitsuenetako bat da. Gehiegizko erabilera baino, kezkagarriagoa iruditzen zait sare sozialetan ez izatea, horrek, nolabait, arazo bat izan daitekeela adieraziko bailuke. Sare sozialak sozializaziorako eremu bat dira, baina, aldi berean, baita sormenerako eta autoikaskuntzarako ere.

Sare sozial ugari daude. Zeintzuk lirateke gazteen artean arrakasta gehien dutenak? Ba al da alderik adinaren edo sexuaren arabera?

Zalantzarik gabe, arrakasta gehien duen sare soziala Whatsapp da. Ia gazte gehienek erabiltzen duten sarea da. Ondoren, sexuaren arabera baino, adinaren baitan zenbait aldaketa ikus daitezke. Sexua dela eta, neskek bisualagoak diren sareak gustuko dituztela esan daiteke, baina, oro har, ez dago alde handirik. Adinari dagokionez, berriz, aldeak nabariagoak dira. Horrela, gaztetxoenen artean arrakasta gehien duten sareak Snapchat, YouTube eta Instagram dira. Helduago egiten diren heinean, gustuak garatzen doaz eta, horrela, 16 urte inguruko gazteen artean Snapchaten erabilera murrizten dela ikusten da. Facebook, adibidez, 18 urte inguruko gazteen artean hasten gara ikusten. Gazteago diren nerabeentzat garrantzitsua da helduak ez diren eremu bat izatea eta hor datza, hain zuzen ere, Snapchatek duen arrakasta.

Garbi dago sare sozial digitalek garrantzi handia dutela gure egungo bizitza-ereduan, baina, moda baten aurrean gaudela esan daiteke ala, ordea, denboran mantenduko den zerbait izango da?

Nik ez nuke esango moda bat direnik. Agian, modan izan daitezkeenak plataformak dira, hots, sare sozial mota ezberdinak. Sare sozialen atzean diren enpresen azterketa egitea oso interesgarri suerta daiteke. Izan ere, sare sozial nagusienak gero eta enpresa gutxiagoren eskutan daude, nagusiki, Google eta Facebook. Hasieran nagusi ziren sare sozial asko jada desagertuta daude eta, zentzu horretan, oso esparru dinamikoaren aurrean gaudela onartu behar da. Joera gero eta eduki multimedia gehiago dituzten sareen aldekoa da.

Aipatzen duzun kontzentrazio hori dela eta, sare sozial bakar eta nagusi batera joko dugula uste al duzu?

Ez dut uste horrelakorik gertatuko denik. Une honetan, adibidez, adinaren arabera ematen den segmentazioa oso garrantzitsua da. Nik uste dut adinka estratifikatutako sare sozialen egitura bat nagusituko dela. Kontuan izan, gaur egun, gazteek ez dutela euren gurasoak dauden sareetan egon nahi. Bestalde, formatua ere oso garrantzitsua izango da. Sare baten iraupenerako oso garrantzitsua da beste batek ematen ez duen zerbait ematea. Hor dugu, adibidez, Twitter. Nahiz eta gazteen artean arrakasta handirik ez izan, Twitterek beste edozein sarek eskaintzen ez duen zerbait ematen du.

“Facebook-eko lagun bat baino gutxiago balio du horrek” esaldia erabili izan ohi da. Sozializazio-eredu berri horretan ez al gara alde batera uzten ari benetan garrantzitsua dena? Hots, kalitateari baino, ez al diogu garrantzi gehiegi ematen kantitateari?

Sare sozialen erabilerarekin batera hainbat hitzen esanahia aldatzen ari da. Facebooken, adibidez, lagun hitza ematen zaio, azken finean, kontaktu bat besterik ez denari. Baina hori alde batera utzita, betiko lagunen taldea existitzen jarraitzen du. Egia da, egungo gizartean, eta gazteentzat bereziki, populartasuna edo onarpen-maila oso garrantzitsua bilakatu dela. Ondorioz, sare sozialetan lagun edo jarraitzaile kopuru handiak izatea positibotzat jotzen da. Horrek esparru digitalean gure bertsiorik onena aurkeztera bakarrik eramaten gaitu, betiere, lagun edo jarraitzaile gehiago izateko. Hori dela eta, adibidez, Facebookeko depresioa izenarekin ezagutzen den fenomenoa sortu da. Facebookeko erabiltzaileek bakarrik bere bizitzaren inguruko gauza positiboak argitaratzen ohi dituzte. Zure bizitzan une oso on batean ez bazaude eta Facebooken zure lagun guztiak oso ‘zoriontsu’ direla ikusten baduzu, horrek eragin negatiboa izan dezake.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.