Gehiegizko alkohol-kontsumoa kaltegarria zela gauza ezaguna zen. Alkoholak minbizia edo zirrosi hepatikoa bezalako gaixotasunetan eragin zuzena duela guztiz frogatuta dago, baina orain jakin ahal izan denez, kopuru txikiagotan ere alkohola oso kaltegarria izan daiteke. The British Medical Journal aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten arabera, neurrizko alkohol-kontsumoak ere (astean 175mm-etako bost baso ardo edatea) garunean kalteak sor ditzake. Aipatu ikerketa Oxford Unibertsitateko ikerlari talde batek egin du eta, horretarako, 30 urtez, 550 pertsonen jarraipena egin dute.
Ikerlariek pertsona horien guztien garun-funtzioa neurtzen zuten aldizka eta emaitzetan eragina izan zezaketen zenbait faktore (adina, jarduera fisikoa…) alde batera utzi ondoren, gehiegizko alkohol-kontsumoak garunaren funtzionamenduan oso eragin negatiboa zuela ikusi zuten, bereziki, memoriari eta orientatzeari dagokionez. Baina ikerlariek ondorioztatu zutenez, neurrizko kontsumoa egiten zuten pertsonek alkohola edaten ez zutenek baino hiru aldiz aukera gehiago zuten arazo horiek pairatzeko. Sarritan entzun izan da neurrizko alkohol-kontsumoa osasunerako onuragarri izan daitekeela, baina ikerlari britaniarrek ez dute baieztapen hori berma dezakeen inolako ebidentziarik aurkitu.
Adituek azpimarratzen dutenez, alkohola hasieratik da kaltegarria eta kalte horiek batukariak dira, hots, zenbat eta gehiago edan orduan eta kalte handiagoak. Gainera, kalte horiek atzeraezinak dira.