Pertsonok heldu ahala, adimentsuagoak, ederragoak, arrakastatsuagoak eta besteak baino merezidunagoak garenaren usteak behera egiteko joera omen du. Hori da, hain zuzen ere, Psychology and Aging aldizkarian argitaratu den ikerketa-lan batek ondorioztatu duena. Aipatu ikerketa, 13 eta 70 urte bitarteko 750 pertsonen artean burutu da eta, bertan azaltzen denez, gizakion nartzisismoan bada inflexio-puntu garbi bat: lanean hasten garenean, hain zuzen ere.
Nartzisismoa pertsona batek bere burua miretsi eta goraipatzeko aiurria edo gehiegizko joera da. Freudek sortu zuen ‘nartzisismo’ kontzeptua 1914. urtean. Duela zenbait mende arte, nartzisismoa joera ia hutsala zen. Horrela, bere burua garrantzitsu izatearen sentsazioa, norberak bere patua gobernatzeko gaitasuna izatearen edo zerbaiten alde lan egiten bada gauza onak merezi izatearen ideia nahiko berriak dira. Hala ere, izaera horrekiko joera ez omen da pasa den mendearen hasieran zegoena baino handiagoa. Nerabeen kasuan, ikerlanak dioenez, beti izan dute nartzisista izateko joera hori.
Esan bezala, nartzisismoari lotutako ezaugarriek (adibidez, kritikekiko sentikorra izatea eta norberaren iritzia besteen iritzien gainetik inposatzea) behera egiten dute adinak aurrera egin ahala.
Ikerketaren buru izan den William Chopikek azaldu duenez, “nolabait, nartzisistak konturatzen hasten dira horrelako izaera ez dela zentzuzkoa lagunak edo harreman esanguratsuak izateko”. Ikerketaren egileek espero dute, halaber, nartzisismoa nerabezarotik helduarora nola aldatzen den aztertzen duen ikerketa horrek lagunduko diela nerabeen gurasoei, eta, oro har, gizarte osoari, gaur egungo nerabeak aurreko belaunaldietako nerabeak baino nartzisistagoak ez direla ulertzen.