Ugatz-guruinak ugaztunen ezaugarri bereizgarria dira, baina beste ugaztunetan ez bezala, gizakion kasuan, emeen bularrek, edoskitze funtzioaz gain, funtzio sexual bat ere betetzen dute. Izan ere, bularrak edo titiak organo sexualak ere badira eta funtzio garrantzitsua dute erakarpen zein asebetetze sexualean. Horrela, titiburuen kitzikapenaren bidez emakumeak orgasmora irits daitezke. Adituen arabera, emakumeen erantzun sexuala % 82an haz daiteke bularrak behar bezala kitzikatuz gero.
Emakumeen asebetetze sexualean duten funtzioaz gain, eta salbuespenak salbuespen, ia gizon gehienentzat emakumeen bularrak sexualki oso erakargarriak dira. Baina zer dela eta ematen da erakarpen hori? Bada errealitate hori azaltzeko oihartzun genitalaren teoria izeneko hipotesia. Horren arabera, gizon primitiboen kasuan emakumeen ipurdia zen erakarpen handiena eragiten zuen gorputz-atala. Zutik ibiltzen hastean, berriz, ikuseremua aldatu behar izan zutenez, bularrek protagonismoa irabazi zuten begi-bistan geratu zirelako. Teoriak dio, aldi berean, emakumeen bularrak hazi eta kulunkatzen hasi zirela, gizonen begiradak erakartzeko, atzealdea imitatuz. Zeelanda Berriko Wellington unibertsitatean egin duten azterlan batean, gizonezkoen % 80k, aurkeztu zitzaizkien emakumeen argazkien aurrean, instintiboki lehen begirada bularraldera bota zuen. Ostera, gutxien begiratzen ziren gorputz-atalak besoak, bernak eta oinak izan ziren.
Emakumeen bularrak gero eta handiagoak dira. Azken 100 urteetan, batez beste, emakumeen bularrak hiru neurritan hazi dira modu naturalean.
Gainera, gure artean, bular handiak erakarpen sexualaren sinbolotzat hartzen dira. Azalpen zientifiko garbia ez dagoen arren, gizon askok bular handiak dituzte gustuko. Zenbait adituren ustez, bular handiek modu ebolutiboan hartu dute garrantzia. Dirudienez, duela zenbait mende, gizonek bularren tamainaren arabera hautatzen zituzten beren emazteak; izan ere, bular handiek adierazten zuen ondo elikatuta zeudela eta etorkizuneko seme-alabak arazorik gabe eradoski zitzaketela.