Oinez ibiltzearen kultura sustatuko du “Metrominuto” mapak

Hiri bakoitzeko zenbait punturen arteko distantziak eta denborak neurtzen dituen mapa sinoptikoa da “Metrominuto”

Bilboko Udalak hainbat ibilbidetatik hiria oinez zeharkatzeko diren distantziak eta behar diren denborak erakusten dituen “Metrominuto” izeneko mapa sinoptiko bat kaleratu berri du. Mapak metroaren planoen itxura du eta Bilboko puntu batetik bestera oinez joateko zenbat denbora behar den azaltzen du. Modu horretan, oinezkoen mugikortasuna sustatu nahi da, desplazamenduetarako modurik osasuntsuena eta iraunkorrena baita.

Maparen helburua da oinez ibiltzeko kulturaren alde sentsibilizatzea, hiriko leku ezagunen arteko hurbiltasuna agerian utziz. Mapak hiriaren erdigune nagusiak (zerbitzuak, plazak, parkeak, auzo-zentroak) eta haien arteko distantziak adierazten ditu, metrotan eta minututan adierazita.

“Metrominuto” Bilbok oinezkoen joan-etorri kopuru handiari dagokionez duen protagonismoa indartzeko pentsatuta dago, baita barne-bidaietako garraio publikoan ere.

Proiektu honen bidez, gainera, hiri trinko eta dibertsifikatuak eraikitzearen garrantzia azpimarratu nahi da, eguneroko bizitzako beharrak hamar edo hamabost minutuko ibilbideetan oinez egin ahal izateko.

Ibiltzeko kulturaren aldeko hiria

Bilbo ez da hutsetik abiatzen planteamendu horretan; izan ere, Osasun eta Kontsumo Sailetik urteak daramatzate hiriko planoak banatzen, txoko ezezagun eta ezkutu asko aurkitzen laguntzen duten 15 ibilbideekin, besteak beste, ibilbidearen zailtasuna, iraupena eta inklinazioa biltzen dituztenak.

Bilbo oinezkoen eta garraio publikoaren joan-etorrien ehuneko handia duen hiria da. Gaur egun, hiriko eguneroko joan-etorri guztien % 65 oinez egiten dira. Gainera, azken hamabi hilabeteetan, 14,6 milioi pertsonak baino gehiagok erabili dituzte 64 udal-igogailuak, eta 3,4 milioi pertsonak erabili dituzte prestatutako 10 arrapala edo eskailera mekanikoetako batzuk.