Bideo-jokoak kalean jolasteko ere badira

Gazte Gaming gazteentzako guneak bere jarduerak ezagutaraziko ditu kamioi erraldoi batekin 17:30etatik 21:30etara

Gaur arratsaldean, Gazte Gaming gazteentzako gunea Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazara aterako da, bideojokoen eta onlineko jokoaren mundua ardatz duten jarduerak aurkezteko.

12 eta 18 urte bitarteko gazteek, 17:30etik 21:30era, 1 Formulako ibilgailu bat, GP moto bat edo rallyetarako auto bat gidatzeko esperientzian murgildu ahal izango dute. Hori posible da gidatzeko simulagailuak eta bideo-kontsolak dituen kamioi bati esker, Gazte Gaming Kalera-Game Truck ekimenaren barruan.

Gazte Gaming gazteentzako gunea joan den urtarrilean inauguratu zen San Martin auzoko lokaletan. Proiektu hau Vitoria-Gasteiz Hobetuz Txiki programaren barruan sortu da, eta Udalaren Gazteria Zerbitzuak sustatzen du.

Espazio honetan, gazteek beste pertsona batzuekin online jolastu, bideojokoekin lotutako trebetasun praktikoak eskuratu eta mundu honetako beste zale batzuk ezagutu ditzakete. Kontsolak, ordenagailuak, tailerrak, txapelketak eta taldeko jarduerak eskaintzen ditu, guztia jokoaren erabilera arduratsua sustatzeko ikuspegi argiarekin.

Gainera, photocall-ean argazki bat hartu, Instagramen partekatu eta @vggaztea jarraitzen dutenek GoPro kamera baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Zozketa bihar, irailak 23, egingo da Gazte Gamingen egoitzan.