Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Araban diren 50 langile baino gehiago dituzten enpresetan euskara sustatzeko egitasmo bat aurkeztu dute. Lanabes programaren barruan sortu den Eskuara proiektu berriak bi enpresen parte-hartzearekin hasi du bere ibilbidea: Aenkomer eta Sirimiri. Datorren urterako 25 enpresa izatea aurreikusten da. Proiektuan parte hartzeko baldintza bakarra da enpresak bere behar eta neurrira egokitutako konpromisoak hartzea eta betetzea.
Arabako parke teknologikoan egin den aurkezpenean azaldu denez, euskara lan eremuan baliatzeko metodologia eta ekimen berriak sortuko dira proiektu honi esker. Momentuz proiektuan parte hartu duten bi enpresek Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza zerbitzuaren laguntza izango dute. Lehen urrats batean beren egoera eta beharren oinarrizko argazkia egiten lagunduko zaie, eta beharren zein aukeren arabera, euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntza berdintasuna bultzatzeko konpromisoak hartuko dituzte.
Bigarren urrats batean, Ahize-AEK-k aipatu helburuak betetzen lagunduko die enpresei honako eremuetan eraginez: hizkuntza paisaian, komunikazioan, zerbitzuan, harreran, ingurune digitalean, langileen arteko harremanean, lan esparruarekin lotutako euskarazko terminologian, ikasleen praktikaldian…