‘Mascarilla, cuadrilla y pintalabios’ izenburua duen txostena argitaratu berri duzue. Bertan, pandemiak Gazteizko LGTBI gazteengan izan duen eragina aztertu duzue. Nola sortu zen ikerlan hori burutzeko ideia?
Ikerketa hau egiteko ideia pasa den urtean sortu zen. Normalean, Gasteizko Udalaren Gazteria zerbitzuan hiru urtetarako gazte-planak diseinatzen ditugu. 2020. urteko hasieran plan berria diseinatu behar genuen, baina une horretan itxialdia ezarri zen eta, egoera horretan, ohiko plan bat diseinatu beharrean, plan berezi bat diseinatu behar genuela erabaki genuen. Plan horrek, pandemiaren eraginak jaso behar zituen eta, horretarako, hainbat eragileren ekarpenekin 33 ekintza jasotzen zituen plana osatu genuen. Ekintza horien guztien artean hiriko LGTBI gazteen egoera aztertzea proposatu zuten Gazteria Zerbitzuaren teknikariek.
Ikerketa Histeria kolektiboaren bidez burutu da. Beraiek egin dituzte elkarrizketak eta gazteen esperientziak eta testigantzak jaso dituzte. Guztira, kolektiboa osatzen duten edo kolektiboarekin lan egiten duten 29 pertsona elkarrizketatu dira.
Xede nagusia, datu kuantitatiboak baino, datu kualitatiboak biltzea izan da. Azken finean, gazteria arloko politika publikoen diseinuaren ardura dugun heinean, guretzat ezinbestekoa baita gazteen errealitatea ondo ezagutzea planteatzen diren ekintzak ondo bideratzeko.
Zein da azterlanak utzi duen ondorio nagusia?
LGTBI+ kolektiboko gazteentzat aurrez aurreko harremanak oso garrantzitsuak dira. Izan ere, a priori, ezaguna da arau heterosexualen disidente diren gazteek estres maila eta antsietate handiagoko bizi-baldintzak dituztela. Horregatik, gazte horientzat guztientzat garrantzitsua da beren sexu-joera bera duten gazteekin aurrez-aurreko harremanak izatea. Gazte heterosexualekin alderatuta, adibidez, LGTBI+ kolektiboko gazteentzat garrantzitsuagoak dira aurrez aurreko harremanak, joera bereko gazteekin egoteak ahalduntzeko aukera ematen dielako. Ahalduntze horrek beren burua eta opresioa eragiten dien egitura heteropatriarkalak ulertzeko balio die.
Gainera, itxialdiak eragin zuzena izan du, adibidez, sexu aldaketa prozesuan ziren gazteengan. Horrelako prozeduretan zuzeneko arreta behar izaten da eta, itxialdiaren ondorioz, prozedura horiek guztiak eten egin ziren.
LGTBI kolektiboa, berez, anitza da. Ikerketan azaldu al dira kolektibo hori osatzen duten taldeen arteko aldeak?
Azterlanean ikusi ahal izan dugunez, gazteen bizipenak guztiz ezberdinak izan dira. Azken finean, pertsona bakoitzaren testuingurua guztiz ezberdina da. Azterlanak erakutsi duena da heterosexualak ez diren gazteek egoera latzagoa bizi behar izan dutela, baina kolektibo horren barruan, sexu-joera zehatz bat izan edo bestelakoa izan ez da aldagai garrantzitsuenetakoa.
Ikerketan 18 eta 30 urte bitarteko gazteek hartu dute parte. Adinaren aldagaiak zein neurritan eragin du jasotako erantzunetan?
Adin horietan 12 urteko aldea oso alde handia da eta, garbi dago, adinaren baitan heldutasun-maila ezberdinak izaten direla. 30 urte inguru duten gazte horiek nortasuna finkatuagoa izaten dute eta hortaz, haien bizipenak ezberdinak dira. Adinean gora egin ahala ere ohikoagoa da gurasoen etxetik kanpo bizi diren gazteak aurkitzea eta, aldagai horrek, adibidez, eragin handia du itxialdian izandako bizipenetan.
Ikerketak jorratu duen esparruetako bat gazte horien familiena da. Itxialdiak etxekoekin denbora gehiago izatera ‘behartu’ gaitu eta txostenean jaso duzuenez, horrek bi motatako ondorioak izan ditu…
Zenbait kasutan, familiarekin denbora gehiago emateak harreman hori estutzeko aukera eman du eta, txostenean jasotzen denez, gazte askori armairutik ateratzeko aukera eman die, hots, gurasoei beren sexu-joeraren berri ematera ausartu dira. Baina kontrako egoera ere eman da; hots, gurasoekiko harremana hain ona ez den kasuetan itxialdiak presio hori areagotu du. Gazte horien kasuan esperientziak okerragoak izan dira, azken finean, aurrez aurreko harremanak familiara mugatu zirelako eta sexu-joera hori ulertu edo onartzen ez denean, ezinegona areagotzen delako.
Itxialdian, Internet eta sare sozialak bilakatu ziren harremanetarako bide nagusia eta ia bakarra. Txostenean jaso duzuenez, horrek LGTBI+ kolektiboko gazteen aktibismoa areagotu du, baina aldi berean, erasoak ere biderkatu dira.
Ikerketan ikusi ahal izan dugunez, LGTBI+ gazteen kasuan ez ezik, gazte heterosexualen kasuan ere ziber-jazarpena bezalako portaerak areagotu dira itxialdi garaian. Esan duzun bezala, itxialdian zehar sare nagusiak bilakatu ziren harremanetarako bide nagusia eta sasoi horretan ikusi ahal izan ziren sare horien alde onak eta txarrak. Azken horien artean, ziber-jazarpena eta erasoak areagotu zirela ikusi dugu.
Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak egindako azterketak osasun-krisiaren egoerak LGTBI+ gazteen kolektiboan izan duen eragina aztertu du, bai eta politika publikoetan kolektibo horren beharrak kontuan hartzen diren ere.Azterlanak zazpi eremu aztertu ditu: familia harremanak eta harreman sexoafektiboak, aisia eta kulturako espazioak eta denborak, hezkuntza eta prestakuntza, eremu publikoa, lan bizitza, osasuna eta kirola.
Alde onen artean, berriz, aktibismoa eta ziberaktibismoa hazi direla ikusi dugu. Hasieran azaldu dudan bezala, kolektibo horretako gazteentzat oso garrantzitsua da taldearen boterea. Izan ere, kolektibo horretako gazteek espazioak behar dituzte sexu-joera bereko gazteekin elkartzeko eta horrelako elkarteek arazoak, kezkak eta bizipenak partekatzeko aukera ematen diete.
Ikerketan aztertu den beste esparru bat hezkuntzarena izan da. Kasu horretan LGTBI+ kolektiboko gazteek zailtasun handiagoak izan al dituzte?
Hezkuntzaren kasuan, sexu-joerak baino, errendimenduan bestelako aldagai batzuk eragin dutela ikusi dugu. Eskolak online irakastera pasatu zirenean ikasle asko ez ziren ondo moldatu eta horrek eragin negatiboa izan zuen haien osasun mentalean. Bestalde, kasu horretan arrakala digitalak eta ekonomikoak zer esan handia izan dutela ikusi dugu. Zentzu horretan baliabide gutxiago dituzten familietan bizi diren gazteak izan dira kaltetuenak.
Itxialdiak bi hilabete inguruko iraupena izan zuen eta ordutik hona, osasun egoeraren baitan, neurri ezberdinak ezarri dira, baina ez itxialdia bera bezain zorrotzak. Etxean sartuta egon behar izate horrek izan dituen ondorioak oraindik ere nabariak al dira gazteengan?
Bai, noski, baina ez bakarrik LGTBI+ kolektiboko gazteengan. Gasteizko Gazteria Zerbitzuak badu aholkularitza psikologiko bat eta pandemia garaitik hona eskaera nabarmen hazi dela ikusi dugu. Adibidez, hitzorduak emateko itxaron-zerrenda hilabete bakarretik hiruzpalau hilabetera pasatu da eta, ondorioz, zerbitzua zabaltzea erabaki dugu. Jasotzen ditugun eskaera gehienak harremanetan diren arazoen ingurukoak dira: gurasoekin, lagunekin, bikotekidearekin…
Hortaz, zuzena litzateke esatea pandemiak gazteek harremanak izateko dituzten zailtasunak areagotu dituela?
Agerikoa da itxialdiak eta ondoren ezarri diren zenbait neurrik ondorioak izan dituztela gazteen osasun mentalean. Gazteria Zerbitzuan ildo hori ere jorratzen ari gara eta horren inguruko ikerketa bat burutzen ari gara. Ikastetxeen bidez galdetegi digital bat helarazi diegu gazteei pandemiak zein nolako eragina izan duen haien bizitzan ezagutzeko. Nagusiki osasun mentalarekin harremana duten alderdi horiek jorratu nahi ditugu eta emaitzak aurten bertan argitaratzea espero dugu.