‘Hardballing’, ligatzeko joera berri bat

Ligatzeko edo bikotekidea aurkitzeko aplikazioak erabiltzen dituzten pertsonen kopuruak etengabe egiten du gora. Statista atariak ezagutzera eman duenez, gaur egun 400 milioi erabiltzaile inguruk erabiltzen dute horrelako aplikazioren bat mundu osoan, hots, 2020. urtean baino % 10 gehiago. Kontuan izan behar da urte horretan aplikazio horien erabiltzaileen kopuruak hazkunde handia izan zuela itxialdiaren eraginez, % 18koa, hain zuzen ere. Aplikazio horiek askotarikoak izan daitezke: harreman serio bat aurkitzeko, abentura erromantiko bat izateko, gau bakarreko harremanak izateko…

Baina aplikazio horiekin gauzak ez dira beti espero den moduan ateratzen: ezagutzen den pertsona hori ez da espero zen bezalakoa edo, besterik gabe, ez dago kimikarik.

Hardballing

Aplikazioen bidez lortzen diren zitak ahalik eta onenak izateko, gazteen artean joera berri bat sortu da, ‘hardballing’ izenekoa. Terminoa ingeles hizkuntzatik dator eta kirol munduan erabiltzen da gogor jolastu nahi denean, hots, denborarik galdu gabe nahi den hori indar guztiekin lortzeko.

Harremanetarako aplikazioen kasuan, ‘hardballing’a itzulinguruak ekiditeko erabiltzen da. Xedea da nahasteak eta gaizki-ulertzeak ekiditea: lehen minututik garbi utzi behar da zer nahi den. Horretarako, zintzoa izan behar da eta asmoak eta itxaropenak berehala azaldu, lehen zita baino lehen bada, hobe. Lotsagabearen itxura eman daiteke, baina kasu horretan, lehentasuna da bilatzen den hori ondo zehaztea. Eta lehenengo zita baino lehen egiten bada, esperientzia txarrak ekidin daitezke. Modu horretan, beste pertsonak jakingo du harreman horrekin jarraitu nahi duen ala ez.