Hadrianoren Harresia ezagutzeko aukera Bilbotik atera gabe

Bilboko Arkeologi Museoak Erromatar Inperioko gotorleku zahar horretako argazkiak eta objektuak biltzen dituen erakusketa hartuko du maiatzaren 19ra arte

Europan aurki daitekeen harresirik handiena, 135 kilometrorekin, Britainia Handian dago. 122. urtean Publius Aelius Hadrianus Augustus enperadoreak kostaldetik kostaldera uhartea zeharkatzen zuen harresia eraikitzeko agindua eman zuen. Harresi horrek, lehen aldiz historian, Erromatar Inperioaren muga zehazten zuen. Azpiegitura erraldoi hori Erromak konkistatutako lurrak eskoziar tribuen erasoetatik babesteko eraiki zen. Harresiak Britainia Handia bitan zatitzen du: Tyne ibaiaren bokalean hasi eta Solway fiordoraino iristen da.

Bilboko Arkeologi Museoak “Hadrianoren Harresia” izeneko erakusketa hartuko du datorren maiatzaren 19ra arte. Bertan, hainbat argazki eta harresiarekin harremana duten zenbait objektu ikusi ahal izango dira.

Hadrianoren Harresia

Erakusketan 2017. urtean Vindolandan (Ingalaterra) egindako indusketetan aurkitutako hainbat objektu ikusi ahal izango dira. Gainera, aurreko indusketetan aurkitutako zenbait objektuen erreplikak ere izango dira ikusgai, hala nola, 1725. urtean aurkitutako idazketa-oholak edo brontzezko katilu bat. Horrez gain, Foruko eta Aloriako (Urduña) euskal aztarnategietako material original batzuk ere badaude. Adibidez, Frantziatik eta Ebroko haranatik Forura iritsitako zenbait kaiku eta ontzi izango dira ikusgai.

Erakusketan, kanpainako boten, zurezko erreminten, armen edo idazketa-oholen argazkiak ikus daitezke. Aurkikuntza horiei esker, hobeto ezagutu ahal izan da inperioaren periferian zuten bizitza.

Erakusketa Irungo Oiasso Museoak antolatu du Ingalaterrako Vindolanda Charitable Trustekin elkarlanean.