Irikaitz: Aparteko indusketa Zestoan

Pasa den urteko udan, Álvaro Arrizabalaga buru duen UPV/EHUko indusketa taldeak 25.000 urte izan ditzakeen zintzilikario bat aurkitu zuen Zestoako Irikaitz aztarnategian. Bederatzi zentimetroko luzera duen harri horrek, zulotxo bat du albo batean, lepotik eramateko edo, baina ikerketen arabera, apaingarri baino, bestelako tresnak zorrozteko erabil zitekeen tresna ere izan daiteke. Aurkikuntza horrek oihartzun handia izan zuen, besteak beste, Iberiar penintsulan aire librean den indusketa batean aurkitu den zaharrena delako.

Irikaitz aztarnategia Zestoako bainuetxearen atzealdean dago, Urola ibaiaz bestalde, ertzetik 14 metrora. Uda guztietan, Arrizabalagak zuzentzen duen taldeak indusketa lanak egiten ditu Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera. Duela 13 urte hasi ziren lanean 8 hektarea dituen aztarnategi horretan eta, urte horietan guztietan, ‘bakarrik’ 32 metro koadrotan aritu dira. Arrizabalagak berak dioen bezala, arkeologian hala egin behar da lan, pazientzia handiz, “zure eskuen zain 200.000 urte egon den zerbait aurkitzen ari zarela sumatzen duzulako”.

Lan baldintzak

Aztarnategietan egiten diren indusketa lanak ez dira erosoak, eta Irikaitzen kasuan, are gutxiago. Aire zabaleko aztarnategia izateak gauzak zaildu egiten ditu. Kobazuloetan ez bezala, aire zabaleko aztarnategietan ‘zorte’ handia izan behar da altxor arkeologikoren bat aurkitzeko. Gainera, Behe Paleolitoko aztarnak daude Zestoako horretan, eta ia ez dago garai hartako erreferentziarik Euskal Herrian.

Hain zuzen ere, erreferentzia falta hori zela eta, txundituta geratu ziren bertan lehengai harri bolkanikoak aurkitu zituztenean. Antza denez, Urolaren goiko arroan harri bolkanikoak dituen geruza bat dago. Bitxitasun geologiko bat da, baina, horregatik etorri omen ziren historiaurreko gizakiak hona, hemen aurkitu zituzten harri horiek ez zeudelako beste inon Euskal Herrian.

Aurkikuntzak oihartzun handia izan zuen, baina ez da, inondik inora, Álvaro Arrizabalagak gidatutako lan-taldeak urteotan aztarnategian topatutako gauza bakarra: “Hemen, ia urtero agertu da oso kalitate oneko pieza arkeologikoren bat. Urte batzuetan, baita 8-10 ere. Oso oparoa da leku hau”.

350.000 urteren gorabeheran

Irikaitzen aurkitzen diren aztarnak oso antzinekoak dira eta horrek asko zailtzen du datazioa. Hori dela eta hezurrekin lotutako datazio guztiak baztertu behar izan dituzte, besteak beste, eta beste tokiekin alderatuta, hemen ez baitago ia hezurrik: lurraren garratzak birrindu egin ditu, harrizko lan-tresnak eta fosil botanikoak bakarrik utzita. Ondorioz, aztarna batzuk denboran kokatzeko bitarteko gutxi dago. Irikaitzen bi okupazio-tarte dira. Berriena, duela 25.000 urtekoa eta ordukoa da joan den udan aurkitutako zintzilikarioa.

Okupazio zaharrenak ematen ditu, baina, dataziorako buruhausteak. Behe Paleolitoari dagokionaren ziurtasuna dago, baina ez zein tartekoa denaren inguruan. Antzeko aztarnategirik ere ez dago ia erreferentzia gisa hartzeko. Hori dela eta 350.000 urteko tarte luzea mugatu ezinik dabiltza: “Badakigu ezin dela izan duela 150.000 urte baino geroagokoa, eta ezin dela izan duela 500.000 urte baino zaharragoa, itsasoa honaino iristen zelako”.

Dataziorako gaur egun erabiltzen diren 18-20 metodotik pare bat besterik ezin dira aplikatu Irikaitzen. Lumineszentziari buruzkoak dira biak. Lehen metodoak zera neurtzen du, eguzkiak noiz eman dion argia azkenekoz kuartzo-ale bati; ez ditu eman, ordea, espero zituzten emaitzak. Bigarrenak, berriz, termolumineszentzia baliatzen du, eta horrekin saiatzen ari dira orain: suberotuta dauden harri-mota jakin batzuei aplikatzen zaie, eta horiek metatzen duten erradiazioaren arabera egiten da neurketa.

1998tik, 500 lagun baino gehiago aritu dira Irikaizko aztarnategian lanean, eta laborategian ere hainbat ikertzaile aritu dira. Emaitzak oso pixkanaka azaleratzen ari badira ere, badute saria: “Irikaitz Googleatuz gero, 7.000 sarrera inguru agertzen dira dagoeneko. 1998an hasi ginen industen, eta 2001ean, jada, guk idatzi ez genuen erreferentzia batean sartu zen aztarnategia; isurialde kantauriarraren historiari buruzko erreferentzia batean”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.