Krisiak desazkunde ekonomikoa suposatzen du. Desazkunde hau behartuta izaten da, eta krisiaren arabera, sarritan, traumatikoa. Krisiarekin, atzeraldi ekonomikoa edota inflazioa bezalako terminoak ezagunagoak egiten zaizkigu.
Gaur egun pairatzen dugun krisiaren inguruan luze hitzegin daiteke, baina funtsean, hazkundean oinarritzen den eredu ekonomiko honen izaera jasangaitzan datza. Etengabe haztea ezinezkoa denez, noizean behin horrelako doikuntzak ematea ezinbestekoa dela diote zenbait ekonomilarik. Hala ere, bada gure ekonomiak etengabeko hazkundean oinarritzeko beharra ez duela defendatzen duenik. Zenbait adituentzat, faltsua da hazkunde ekonomikoa ezinbestekoa denik ongizatea lortzeko eta ‘Desazkunde ekonomikoa’ izenarekin ezagutzen den teoria defendatzen dute. Teoria honen defendatzaileek azpimarratzen dutenez, desazkunde ekonomikoa eta atzeraldi ekonomikoa ez dira gauza bera, nahiz eta hori pentsatzeko bide eman.
Desazkunde ekonomikoaren defendatzaileek iragarri zuten bezala, etengabeko hazkunde ekonomikoak ekonomiaren krisi sistemikora eraman behar gintuen halabeharrez. Desazkunde ekonomikoaren arabera, berriz, materia eta energiaren erabilera eta erabilera gaitasuna gutxituz, hau guztia ekidin zitekeen. Horretarako, noski, pentsamolde aldaketa sakona behar da eta, gutxiagorekin hobeto bizi gaitezkeela barneratu. Desazkunderako alternatibak abian jartzeko hiru maila lirateke: gutxiago kontsumitzeko maila pertsonala, balore ekonomikoen ordez balore sozial eta ekologikoen arabera kontsumitzea maila sozialean eta aldaketa sozialak maila politikoan.
Krisi hau azaltzerakoan likidezia finantza krisi baten aurrean ginela azaldu bada ere, desazkunde ekonomikoaren defendatzaileek sisteman miloika milioi dolar/euro sartu direla salatzen dute. Horrek, likidezia falta ez zegoela frogatuko luke. Hauen ustez, arazoa benetazko aberastasuna eta finantza-aktiboen artean zabaldu den gehiegizko tartea da. Benetazko aberastasuna mugatua da eta ezin da hazi; are gehiago, pixkanaka agortzen ari da baliabide naturalak xahutzen ditugun heinean. Honen aurrean, finantza aktiboek aberastasun paralelo bat eraiki dute, benetazko aberastasunarekin zerikusia ez duena. Horrela, ekonomikoki hazten ari ginela uste bagenuen ere datozen belaunaldiek ordaindu beharko duten zorra pilatzen ari ginen.
Moldatzeko gaitasuna
Honen inguruan behar bezala hitzegin ez bada ere, desazkunde ekonomikoaren defendatzaileek krisi honen izaera ekologikoa azpimarratzen dute. Horrela, egungo hazkunde erritmoarekin gure planetak jasan ditzakeen kargak gainditzear gaude. Egoera honetan, desazkunde ekonomikoa ezinbestekoa izango da, baina gakoa, egoera berri horretara moldatzeko izango dugun gaitasuna izango da. Gaitasun horren arabera, jasangarritasun sozial eta ekologikoko testuinguru batera irits gaitezke edota gizadiak porrot egin dezake.
Momentuz, alternatiba hau defendatzen dutenek salatzen dutenaren arabera, gure agintari politiko eta ekonomikoak partxeak jartzen ari dira ontzia urperatu ez dadin. Hartzen ari diren neurri guztiak (likidezia handitu, kreditoaren reaktibazioa edota kontsumoaren sustapena…) mantendu ezin den hazkunde ekonomikoaren norabidean doaz. Modu honetan, gero eta zor gehiago pilatzen ari gara eta planetaren muga fisikoak gainditzear gaude… (zenbait adituen ustez jada pasa den mendeko 80ko hamarkadan planetak duen karga gaitasuna gainditu genuen.
Kontsumoak berak muga zehatzak ditu, azken finean, finituak diren materia eta energia kontsumitzen baitugu. Sortzeko milioika urte behar izan duten petroleo erretserbak, adibidez, hurrengo hamarkadetan agortuko direla iragartzen da. Gure sistema epe laburrean agortzear den baliabide baten baitan dago. Kontsumoak gainera badu alde sozial jasangaitz bat ere. Horrela, gaur egun, populazioaren %20ak duen ongizate maila populazioaren beste %80aren kaltetan da. Hazkunde infinitoa posible izango balitz ere, desazkunde ekonomikoaren defendatzaileek honen kontra egingo lukete horrek desoreka sozial itzelak sortzen dituelako.