Zer da sexu-terapia?

Sexualitatearekin harremana duten arazoek kezka handia eragiten dute, baina sarritan, denborarekin desagertuko direla pentsatzen da eta ez da laguntzarik eskatzen.

Gutxi hitz egiten da sexualitatearen inguruan eta, ondorioz, horren inguruan dugun ezagutza mugatua da. Familiarekin egiten den bazkari batean senideren batek artritisa duela esan dezake inolako arazorik gabe, baina inork ez du publikoki onartuko sexu-disfuntzioren bat duela.

Horrelako arazoak eremu pribatuan gorde ohi dira. Sexualitatearekin harremana duten arazoek kezka handia eragiten dute, baina sarritan, denborarekin desagertuko direla pentsatzen da eta ez da laguntzarik eskatzen. Arazo horiek askotarikoak izan daitezke, hala nola koitoan mina sentitzea, sexu-desiorik ez izatea edo oso baxua izatea, sexu-harremanaren amaierara arte kitzikapena mantentzeko zailtasuna, orgasmorik ez izatea edo beranduegi izatea, sexu-harremanaren ondoren ondoeza sentitzea, erekzioa mantentzeko arazoak, eiakulazio goiztiarra edo eiakulazio falta.

Arazo horiek azaltzen direnean komenigarria da sexu-terapiara jotzea. Bertan, profesional baten eskutik, sexualitatearen esparruan diren arazoak konpon daitezke. Horrelako terapietan pazienteak bere pentsamendu eta zirraren jakitun izatea lortu nahi da. Hori lortzen bada bere sexu-jokabideak aldatu ahal izango dira. Tratamenduak, noski, pazienteak duen arazoaren araberakoak izango dira. Hala ere, ohikoenak honako hauek izaten dira: psikohezkuntza, desentsibilizazio sistematikoa, erlaxamendua, Kegel ariketak, sexuberhezkuntza eta terapia kognitibo-konduktuala.

Sexu-terapian pazienteak bere arazoen, arazo horien jatorriaren eta salbuespenen inguruan hitz egin behar du. Horrez gain, arazo zehatz hori eragin ahal izan duten sexualitatearen inguruko sinesmenak ere aztertzen dira. Adibidez, norbaitek sexua bekatua dela sinesten badu, baliteke sexu-desio falta izatea. Behin diagnostikoa amaituta, banaka eta bikotekidearekin praktikatu beharreko teknikak eta atazak eskainiko dira.

Sexu-terapian arazoaren alde fisikoa ez ezik alde psikologikoa ere lantzen da. Izan ere, hainbat sexu-nahasmenduen azpian autoestimu arazoak, beldur irrazionalak edo bikotekideen arteko komunikazio arazoak aurki daitezke.

Hortaz, plazer sexuala lortzeko eragozpenen bat dagoenean eta hori gure kabuz konpontzea lortzen ez denean profesional batengana jo beharko genuke. Kontuan izan horrelako arazoek zuzeneko eragina dutela bikotekidearekin dugun harremanean. Gainera, arazoa konpontzen denean gure sexu-jarduera nabarmen hobetuko da.