Abian da gazte informazioko korrespontsalen programa

Datorren ikasturtean garatuko den ekimen horren xedea da gazteei kalitatezko eta intereseko informazioa eskaintzea.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) gazte informazioko korrespontsalen programa jarriko du abian datorren ikasturtean. Bertan, Foru Erkidegoko hamabi ikastetxetako ikasle gazteek informazio interesgarria zabalduko dute ikaskideen artean, hala nola bekak, prestakuntza-ikastaroak, aukerak, mugikortasun eta ongizate emozionaleko programak.

Parte hartzen duten ikastetxeak Aranguren Ibarrean, Lizarran, Tafallan, San Adrianen eta Eguesibarren daude. Udalerri horiek Nafarroako Gazte Informazio Sareko gazteentzako informazio zerbitzua dute eta banaketa geografikoaren eta gazteen presentziaren arabera aukeratuak izan dira. Horrela, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bitartez, programa erkidegoko gainerako eskualdeetara zabalduko du; izan ere, gaur egun, udalaren ekimenez Iruñean eta Altsasun bakarrik garatzen dira horrelako programak.

Gazte informazioa

Ekimenaren helburua da Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleen artean gazte-informazioaren hedapena hobetzea. Horrela, informazioa berdinen artean eta gazteen kanal propioen bidez zabaldu nahi da. Gazte-informazioak gazteentzat interesgarriak diren gai guztiak biltzen ditu, eta gizarte-talde horri modu integralean orientatzea eta aholkatzea du helburu. Gazteentzako informazio fidagarria eta kalitatezkoa zabaltzea pertsonen eskubidea da, eta pertsonen garapen pertsonal eta soziala, erabakiak modu independentean hartzea, aukerak sortzea eta gizartean parte hartzea bultzatzen du.

Orain arte, tokiko gazteentzako informazio- eta aholkularitza-zerbitzuek informazioa eta kalitatezko orientazioa eman diete haiengana jo duten gazteei. Berriemaile gazte berriek lan hori osatuko dute; izan ere, informazio-zerbitzuek emango diete ondoren ikaskideen eta lagunen artean zabalduko duten informazioa.

Era berean, korrespontsalek interesgarritzat jotzen duten informazioa bildu eta zabaldu ahal izango dute, bai beren ikastetxeek sortutakoa, bai kanpokoa ere. Hala, proposamen horren helburuak dira gazteentzako informazio-zerbitzuak hobetzea, gazteen parte-hartzea sustatzea gazte-informazioaren esparruan, aisialdi hezitzailea eta balioetan oinarritutako hezkuntza sustatzea, kalitatezko informazioa berdintasunez eskuratzeko aukera ematea eta aukera-berdintasuna lortzen laguntzea.

Berdinen arteko informazioaren hedapena

Korrespontsaliak, berdinen arteko transmisio-metodologiaren barruan, parte hartzen duten ikastetxeek hautatutako 14 eta 30 urte bitarteko bikoteek egingo dituzte. Zereginek informazioa biltzea eta sortzea barne hartuko dute, eta egokia, ulergarria, erabilgarria eta gazteentzat eskuragarria izan beharko du. Era berean, gazteek egiten dituzten informazio eskaerak jasoko dira, gero erreferentziako gazte informazio bulego eta guneetara eramateko.

Ikasturtean zehar korrespontsaliak behar bezala egiten dituztenek 300 euroko saria jaso ahal izango dute pertsona bakoitzeko. Kasu guztietan, Nafarroako Gazteriaren Institutuak emandako ziurtagiri bat izango dute. Bertan, egindako lana eta programari eskainitako denbora, Institutuaren jardueretarako lehentasunezko sarbidea eta Europako Gazte Txartela doan lortzea jasoko dira.

Bestalde, herri bakoitzeko gazte-informazioko zerbitzuek arduratuko dira korrespontsalei informazioa emateaz eta haien lehentasuna ezartzeaz, bai eta koordinatzeaz, laguntza eta jarraipena emateaz eta egiten duten jarduera ebaluatzeaz ere. Aldi berean, programa lurraldean hedatuko dute, irismen handiagoa lortzeko.

NGIri dagokio programaren koordinazio orokorra eta finantzaketa, eta programan parte hartzen duten alderdiei hasierako prestakuntza emango die. Ildo horretan, tokiko eta Europako ekintza komunen antolaketarekin eta koordinazioarekin batera, Foru Erkideogan programa behar bezala garatzeko beharrezkoak diren protokoloak eta tresnak ere prestatuko ditu, eta arlo bakoitzeko eragileen arteko koordinazio-gune egokiak sortuko ditu. Halaber, programa garatzeko egiten diren jardueren jarraipena egingo du, eta ikasturtean zehar lortzen diren emaitzak aztertuko ditu.