2.700 kilometro euskararen alde

AEK-k martxoaren 14tik 24ra bitartean izango den 23. Korrikaren ibilbidea eman du ezagutzera

AEK-k aurten izango den Korrikaren 23. edizioaren ibilbidea eman du ezagutzera. Martxoaren 14an hasiko da Irunen eta hamaika egunetan Euskal Herria osoan zehar euskararen aldeko 2.700 kilometro bete ondoren, Baionara iritsiko da martxoaren 24an. Ibilbidearen inguruko xehetasun guztiak Korrikaren webgunean ikus daitezke jada.

Ibilbidea

Aurtengo edizioaren datak eta hasiera eta amaiera hartu behar zuten udalerrien izenak pasa den azaroan eman ziren ezagutzera. Ohi bezala, pasa den edizioaren amaiera hartu zuen herrialde berean hasiko da aurtengo edizioa. Irungo San Juan plazan hasiko da 23. Korrika, martxoaren 14an, 16:00etan. Lehenengo egunean Korrika Lapurdin sartuko da eta bigarren egunean jada, Behe Nafarrotik eta Zuberoatik pasatu ondoren, Nafarroan sartuko da Azkaratetik. Nafarroan zehar ibiliko da Korrika asteburu osoan zehar. Iruñetik martxoaren 16an pasatuko da, larunbatean.

Martxoaren 18an, astelehena, ibilbidea Araban sartuko da, Kanpezutik. Egun horretan bertan Gasteizera iritsiko da arratsaldeko azken orduetan.

Martxoaren 19an Korrika Nafarroara bueltatuko da, Sakanara, hain zuzen ere. Egun horretan bertan Gipuzkoak lekukoa hartuko du. Goizueta eta Hernani arteko errepidetik sartuko da Korrika Gipuzkoan eta hortik kostaldera joko du.

Martxoaren 20an Debagoienaren txanda izango da. Lekukoak Gipuzkoan zehar bidaiatuko du goizean zehar eta arratsaldean Bizkaian sartuko da kostaldetik eguna Gernikan amaitzeko. Martxoaren 21ean Bizkaian zehar izango dira korrikalariak arratsaldean Bilbora iristeko. Bilbotik Ezkerraldera joko du ibilbidea eta hortik Meatzaldera.

Martxoaren 22an ibilbidea nagusiki Bizkaitik jarraituko du, baina zenbait unetan Araban ere izango da (Artziniega, Amurrio, Laudio…). Arratia eta Durangaldea igaro ostean lekukoak eguna Legution amaituko du.

Azken aurreko egunean ibilbide osoa Gipuzkoan izango da: Leintz Gatzagatik sartu eta Arrasate eta Beasain igaro ostean, Donostiarako bidea hartuko du lekukoak. Eguna Oarsoaldean amaituko da eta hortik Baionan den helmugarako bidea hartuko da Bortziriak bisitatu eta Lapurdin Saratik sartuz.

Antolatzaileek azaldu dutenez, kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko da.

Aplikazioa

Aurtengo edizioaren berritasun nagusietako bat Korrika aplikazioa da. Aplikazio guztiz berria izango da, hainbat atal berrirekin: adibidez, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan,. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen artean egiten diren zozketak (eta, noski, irabazleak) erakusten dira bertan. Gainera, aplikazioari esker, une oro, lekukoa nondik dabilen ikusi ahal izango da.