Gazteen enpleguaren bilakaera positiboa

Gazteen Enplegu Planaren jarraipen-txostenaren arabera, 2024. urtearen amaierarako, plana amaitzean, gutxi gorabehera 90.000 gaztek parte hartuko dute Lanbidek eskainitako lan-programetan eta -ekintzetan.

Gazteen Enplegu Planaren jarraipen-txostenaren arabera, azken hiru urteetan, 109.376 gaztek jaso dute lan-orientazioa Lanbidek emandako zerbitzuen bidez. Gainera, 2024. urtearen amaierarako ia 90.000k enplegu-programetan parte hartuko dutela espero da.

Gazteen Enplegu Plana pandemiak eragindako lan-narriadurari erantzuteko diseinatu zen eta jarraipen-txostenak gazteen enpleguaren bilakaera positiboa nabarmentzen du. Prekarietatearen eta babes faltaren ondorioz gazteak lan-merkatutik bota zituzten lehenak izan ziren arren, txostenak adierazten du 2023aren amaieran, eta 2020ko abuztuko krisiaren unerik txarrenarekin alderatuta, enplegatutako gazteen kopurua % 32,3 igo zela. Hazkunde horrek nabarmen gainditzen du % 8 ingurukoa den biztanleria orokorraren afiliazio-hazkundearen batez bestekoa.

Datu positiboak

Txostenaren arabera, gaur egun, 33.354 gazte gehiago ari dira lanean pandemiaren punturik kritikoenean baino. Fenomeno horren ondorioz, Gizarte Segurantzako afiliazioa % 19,4 hazi da, osasun-krisiaren aurretik baino 22.200 afiliatu gehiagorekin.

Txostenak Eusko Jaurlaritzak kualifikazioa, gaitasunak eta esperientziak errazteko egindako ekintza koordinatuak zehazten ditu, laneratze egokia lortzeko helburuarekin. Horrela, 2021etik 2022ra bitartean, ia 35.000 gaztek parte hartu zuten enplegurako ekintza eta programetan, eta, 2024aren amaierarako, plana amaitzean, gutxi gorabehera 90.000 gaztek parte hartuko dute lan-programetan eta -ekintzetan.

2021ean, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko ikastaroak egin zituztenen % 64 inguruk lana aurkitu zuen hurrengo urtean.

Kontratazioaren esparruan, 2022ra arte, ia 4.000 gazte kontratatu ziren laguntza-programen bidez, eta aurreikusten da plana 2024an amaitzean 8.545 enplegu sustatuko zirela kontrataziorako laguntzekin.

Ekintzailetzari dagokionez, 2022ra arte 1.192 gazte-enpresa sortu edo babestu dira. 2024 amaitzean, guztira, gazteek kudeatutako 2.552 enpresa mantentzen edo sortzen lagunduko da.

Prestakuntzari dagokionez, 2022ra arte, 20.375 gaztek jaso dituzte enplegurako prestakuntza-zerbitzuak, eta kalkuluen arabera, kopuru hori 44.475era igoko da plana 2024an amaitzean. Prestakuntza- eta enplegu-ekintzetan parte hartzeak ere gora egingo du; izan ere, 2021-2023 aldian 1.478 gaztek hartuko dute parte, eta plana amaitzean, 3.776 gaztek.

Gazte Enplegurako Planak Gobernu Programan eta 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian bildutako jarduera guztiak biltzen ditu, legegintzaldi honetarako Enplegu Plan Estrategikoan zehaztuta daudenak, bai eta Gazteria, Hezkuntza, Inklusio, Industria eta Berrikuntza edo Gizarte Ekonomia arloetatik eratorritakoak ere.