Dilema zientifikoetan murgiltzeko filmak

“Zinema eta Zientzia” zikloaren edizio berriaren barruan hamar film eskainiko dira urtarriletik martxora bitartean

“Zinema eta Zientzia zikloaren zazpigarren edizioa urtarriletik martxora bitartean izango da Euskal Herriko bost hiritan. Guztira, dilema zientifiko sakonetan murgiltzeko aukera emango duten hamar film ikusi ahal izango dira aurkeztu berri den edizioan. Gainera, ikus-entzuleek hogei bat zientzialarirekin eztabaidatzeko aukera izango dute bonba atomikoa, adimen artifiziala edo biztanleriaren zahartzearen inguruan.

Programazioa

Aurtego edizioa osatzen duten hamar filmak Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoa) eta Iruñean (Golem Baiona zinemak) ikusi ahal izango dira. Donibane Lohitzunen (Le Sélect zinema), berriz, sei film eskainiko dira.

Zikloan ikusi ahal izango diren filmak honako hauek dira:

  • “Oppenheimer” (Christopher Nolan, 2023).
  • “Semmelweis” (André de Toth, 1940).
  • “Plan 75” (Chie Hayakawa, 2022).
  • “Bombshell: the Hedy Lamarr story” (Alexandra Dean, 2017).
  • “Out of Africa” (Sidney Pollack, 1985).
  • “Bringing Up Baby” (Howard Hawks, 1938).
  • “Tiempo de silencio” (Vicente Aranda, 1986).
  • “The Perfect Storm” (Wolfgang Petersen, 2000).
  • “Mars Express” (Jérémie Périn, 2023).
  • “Theater of Thought” (Werner Herzog, 2022).

Programazio osoa Euskadiko Filmategiaren webgunean kontsulta daiteke.

Zientzialariak

Zikloan eskainiko diren filmak aurkezten eta emanaldietara gerturatzen diren ikus-entzuleekin eztabaidatzen honako zientzialari hauek izango dira: Javier Aizpurua (DIPCko eta Ikerbasqueko fisikaria), Itziar Alkorta (EHUko biokimikaria), Amaia Bernaras (Euskadiko Parke Teknologikoko ingeniari informatikoa), Igor Campillo (Euskampuseko eta DIPCko fisikaria), Fernando Cossío (EHUko eta Ikerbasqueko kimikaria), Pedro Miguel Etxenike (DIPCko eta EHUko fisikaria), Aitzol García Etxarri (DIPCko eta Ikerbasqueko fisikaria), Maia Garcia-Vergniory (DIPCko eta Max Planck Institute for Chemical Physics of Solids-eko fisikaria), Miguel Angel Goenaga (Donostia Unibertsitate Ospitaleko medikua), Mari Luz Guenaga (Deustuko Unibertsitateko ingeniari informatikoa), Ane Insausti (Mubil Fundazioko-Gipuzkoako Foru Aldundiko telekomunikazio-ingeniaria), Ignacio López-Goñi (Nafarroako Unibertsitateko mikrobiologoa), Maialen Martija (Euskalmet/Tecnaliako fisikaria), Idoia Mujika (EHUko CFM CSIC Materialen Fisika Zentroko kimikaria), Juan Ignacio Pérez Iglesias (EHUko eta DIPCko biologoa), Onintze Salazar (Euskalmet/Tecnaliako fisikaria), Itziar Vergara (IIS Biogipuzkoako medikua), Rafael Yuste (Columbia University-ko neurobiologoa), Didier Roux (L’Académie des Sciences et des Technologies-eko fisikaria eta kimikaria) eta Ricardo Díez Muiño (DIPCko eta Ikerbasqueko fisikaria).

Jarduera osagarriak

Azkenik, ikastetxeei zuzendutako goizeko saioak ere izango dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Saioetan, Mars Express filma proiektatuko da euskarazko azpitituluekin, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hitz ikerketa-taldeko Rodrigo Agerri eta Izaskun Etxeberriak aurkeztuko dute.

Sarrerak online eta leihatiletan erosi ahalko dira: Tabakaleran, Artium Museoan, Arte Ederren Bilboko Museoan (saioak Bizkaia Aretoan izango dira, pinakotekan obrak egiten ari baitira) eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinema-aretoetan. Sarrerek 3,50 eta 6 euro bitartean balioko dute (deskontuak sartu gabe).