Agur 2022 eta ongi etorri 2023!

2022. urteak motxila handia eraman du sorbaldan lehenengo egunetik eta itxaropen handia jarrita egon da gizartearen partetik orokorrean.

2022. urtea bukatzear da eta urtero legez, begirada atzera bota eta urte osoaren balantzea egitea interesgarria eta beharrezkoa da. Urte batek buelta asko ematen ditu, eta aldaketa asko izaten ditu bidean, batez ere pandemia osteko urte bat izanda. 2021aren amaieran itxaropen asko jarri ziren hurrengo urteari begira, izan ere, aurreko urteko abenduan eta 2022ko urtarrilean, COVID-19ak gogor jo zuen gure gizartean eta hori desagertzea zen eskaera nagusiena.

Beraz, 2022. urteak motxila handia eraman du sorbaldan lehenengo egunetik eta itxaropen handia jarrita egon da gizartearen partetik orokorrean. Gogo itzela izan dugu normaltasuna berreskuratzeko, lagunekin ardura gabe planak egiteko, jaiak bueltan izateko… Asko ziren espero genituen aldaketak.

Gazteok ere, urtero eskaerak ditugu eta 2022an ez dira aldatu. Gazte batentzat, bizi-proiektu duin bat garatzeak oraindik ere konplexuegia izaten jarraitzen du. EAEko emantzipazio tasak 30 urtetan jarraitzen du, soldatak ez dira asko igo eta ezegonkortasuna oraindik ere gure egunerokoan txertatuta dugu. Gainera, Ukraina eta Errusiaren arteko gerra dela medio, horniduren prezioek izugarri gora egin dute, gizartearen ongizatea guztiz baldintzatuz, eta ondorioz, gazteen egoera okerragotuz.

Gazteria Legea

Hala ere, egoera zaila eta latza dela jakinda, positiboki baloratu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Eusko Legebiltzarrak 2022ko martxoan EAEko lehenengo Gazteria Legea onartu izana. Izan ere, neurriak hartzeko gazteok babesten gaituen lege bat egotea ezinbestekotzat hartzen dugu. Modu horretan, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak urteetan egindako eskaera lortu da: Gazteria Saila Lehendakaritzaren menpe jarri zen ekainean. Erabaki hori oinarrizkoa iruditzen zaigu zeharkakotasunean lan egiteko, gazteria zeharkakoa baita.

Gazteria anitza da, beraz, aniztasun hori entzutea beharrezkoa da, hartzen diren erabaki eta neurri guztiak gazteriaren gaur egungo egoerara egokituz. Beraz, urte amaiera gertu izanda une egokia iruditzen zait gure hurrengo urteko eskaeren gutuna jasotzeko.

Etxebizitza

Bizi-proiektuari dagokionez, kontuan izanda gazteen ehuneko oso altu bat alokairu pribatuan bizi dela, ezinbestekoa ikusten dugu alokairuari mugak jartzea eta etxebizitza parke publikoa handitzea. Horretarako, gazteentzako kalitatezko enpleguak sustatzea eta bizi- proiektu duin bat eraikitzeko egonkortasuna bermatzea ezinbestekoa da.

Hezkuntza formala bada gure egunerokoan eragin handia duen beste atal bat ere. Horregatik garrantzitsua ikusten dugu ikaslea subjektu bezala ulertzea, prozesuan jaso eta eman egiten duena. Horrenbestez, ikaslea hezkuntza sistemaren parte aktibo gisa ulertu behar da.

Hezkuntzarekin jarraituz, hezkidetza sustatu beharreko puntu garrantzitsu bat da, bai hezkuntza formalean, bai astialdian. Horregatik, EGK-k horren inguruan lanean jarraituko du, astialdian formakuntza eta erreminta anitzak eskaintzen hezkidetzan hezteko. Hortaz, astialdia balioan jartzea eta egindako lan izugarria azpimarratzea berebizikoa da.

Feminismoa

Azken urte hauetan feminismoa pil-pilean dagoen gaia izan da, eta, hala jarraituko du izaten 2023an ere. Aurtengo udan modan ipini dira ziztada bidezko erasoak; emakumeen askatasuna murriztea bilatzen zutenak. EGKtik argi dugu ziztaden praktikaren atzean, eta emakumeen aurkako eraso sistematiko horien atzean, ideologia matxista dagoela. Horren konponbide bakarra, oinarrian feminismoa izatea da. Genero ikuspegia txertatzea espazio guztietan egunerokotasunetik sortuz. EGKtik argi dugu, erasoekiko zero tolerantzia.

Aurrera begira

2023an gazteak erdigunean jartzea nahi dugu, gazteen parte hartzea eta parte hartzeko espazio berriak zabaldu, gazteon bizi-proiektu duinak garatzeko aukera izatea, gure eskubideak bermatzea eta eskubideei babes osoa ematea. Gazte ikuspegia politika publikoetan zeharkakotasunean islatzea nahi dugu. 

Urtea bukatzeko, eskaerak aparte, balioan jarri eta eskertu nahi dugu gurekin urtean zehar lanean aritu eta parte hartu duten gazte zein eragile guztiei. Espero dugu datorren urtean indarberrituta bueltatzea eta denok elkarrekin aldaketaren parte izaten jarraitzea.