Nola eragiten dit gazteriaren Euskal Lege bat izateak?

Gazteriaren Euskal Legean gazteon bizitzan garrantzitsuak diren gaiak jorratzen dira eta horiek abiapuntutzat hartzen ditu lanean hasteko.

Martxoaren 10ean historia egin zen Euskadin gazteen eskubideei dagokionez, Gazteriaren Euskal Legea onartu baitzen Eusko Legebiltzarrean. Ez da bide erreza izan, urteetan saiakera bat baino gehiago egin dira, baina ez da inoiz akordiorik lortu Gazteria Lege bat aurrera ateratzeko.  2018ko Legealdian oposizioak Gazteria Lege bat burutzeko eskaera egin zuen eta ordutik horretan lanean aritu gara Talde Legebiltzarkideak, Gazte Elkarteak, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua eta hainbat elkarte. 

Honetan, EGKn bide luzea egin dugu ere. Lehenik, lege proposamena irakurri, landu eta gazteekin partaidetza prozesu bat garatu genuen. Bigarrenez, prozesu horretatik ateratako emaitza, ondorio eta proposamenak txosten batean jaso genituen. Azkenik, txosten hori Eusko Jaurlaritzako Gazteria Sailekoekin, Legebiltzar taldeekin eta hainbat agenteekin landu izan ziren ahalik eta ekarpen gehien txertatzeko Gazteria Legean. Bide horretan egindako proposamenen artean, euskararen erabilera, genero-adierazpena eta gazteriaren eskubideen sendotzea egon dira, besteak beste. Horren ondoren, 2022an EAJ, PSE-EE eta EP-en aldeko botoekin Gazteriaren Euskal Legea aurrera atera da. EGKren ustez beharrezkoa da gazteen egoera hobetzea, eta beraz ezinbestekoa zen lege hau. Horregatik, Legea gauzatu ahal izateko Kontseiluak bere gain hartu du prozesu horren atzean egoteko erantzukizuna.

Eta behin onartuta, zertan eragiten du Gazteria Legeak gazteengan?

Gazteriaren Euskal Legean gazteon bizitzan garrantzitsuak diren gaiak jorratzen dira eta horiek abiapuntutzat hartzen ditu lanean hasteko. Alde batetik, gazteen eskubideak jasotzen ditu eta horrek gazteak erdigunean jartzea bermatu beharko du. Gaur egungo datuek argi erakusten dute gazteen egoera aldatu behar dela eta aldaketa ezin dela gehiago luzatu. Bizi-proiektu independente eta duin bat garatzea oso zaila da. Kontuan izan behar da, enpleguan dagoen ezegonkortasun egoerak zaildu egiten duela bizitza duina modu egokian aurrera eraman ahal izatea.

Gazteen Euskal Behatokiak ateratako datuen arabera, 18-30 adin tarteko gazteen % 62,6ak aldi baterakotasuneko kontratuak ditu eta emakumeen kasuan egoera are txarragoa da, izan ere, % 68ra igotzen da. Ezegonkortasun horrek gazteak etxetik alde egiteko dugun aukera bakarra alokairuan dela suposatzen du eta hor ere aukerak murrizten dira. Etxe bat erosteak egonkortasun bat eskatzen du, baina alokairu librean ematen diren prezioek ez dute egoera duin bat bermatzen. Etxeko gastuetara, soldataren % 30 baino gehiago ez bideratzea gomendatzen da eta Gazteen Euskal Behatokiaren datuen arabera EAEko gazteen artean % 66koa bideratzen da. Beraz, egiten den esfortzua izugarria da eta argi dago datu hori ezin dela horrela mantendu: EAEko emantzipatzeko bataz besteko adina 30 urteetan dago.

Enplegua eta etxebizitza

Egoera horrela egonda, Gazteria Legeak zuzenean bizitza proiektu horrek duintasunean ematea eragin behar du, egiturazko edo estrukturalak diren arazoei egiten die erreferentzia, eta abiapuntu horretatik lortu nahi dira hobekuntzak. Alde batetik, enplegu arloan martxan jartzen diren neurri zein programak egonkortasun bat lortu beharko dute. Ezinbestekoa da kalitatezko enplegua bilatu eta sustatzea ezegonkortasunaren arazoarekin bukatzeko. 

Bestetik, Gazteria Legearen asmoa emantzipazioan eragin zuzena izatea da. Aurreikusten da bataz besteko emantzipazio adina 28 urtera jaistea eta hori lortzeko eragina duten neurriak martxan jartzea da helburu nagusia. Horretarako, interesgarria da kontuan izatea martxan jarriko den emantzipazio sarea gazteok bertara gerturatu eta beharrezko informazioa jasotzeko.

Beste hainbat kontu jorratzen dira ere, partaidetza, trantsizio soziala, hezkuntza eta berdintasuna besteak beste. Eskumenen banaketa bat ematen da eta gazteriaren alde lan egiteko beharra ezartzen du lege honek.

Espero dugu lege hau egoera aldatzeko oinarria izatea eta behar diren pausuak ematen hastea. EGKn, lege testu honi jarraipena egiteko ardura eta konpromisoa hartzen dugu.  Bide honetan asko izan dira parte hartu duten gazteak zein elkarteak, eta lan hori bermatzeko ardura dugu hurrengo urteetan.